argia.eus
INPRIMATU
Formica lantegiaren eraistean lur kutsaduraren aurkako neurririk gabe dihardutela salatu dute
  • Galdakaoko Formica lantegiaren eraisketa prozesuan irregulartasunak salatu dituzte. Fenola, formola, naftalenoa eta bestelako gai toxikoekin egiten zuen lan enpresak, eta kritikatu dute ez dela lur horien kutsadura deuseztatzeko neurririk hartu.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 22a
Salaketa Ingurumen Administrazio Zuzendaritzari jakinarazteko asmoa iragarri du Galdakaoko EH Bilduk. (Arg: Gotzon Almaraz)

2012an itxi zuten lantegia, produkzioa beste fabrika batera eramanez; 200 langile inguru zituen. 2015eko abenduan, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra moldatzea erabaki zuen Galdakaoko Udalak, Formicari zegozkion lurrak industrial izatetik komertzial izatera pasatzeko. Lurra birkalifikatzeko aukera ekarri zuen horrek.

Bricomart enpresa multinazionalak lur horiekiko interesa erakutsi zuenean hasi zen birkalifikatze prozesua. 2015eko maiatzean, Galdakaon 14 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa iragarri zuen eraikuntza ekaiak saltzen dituen enpresak. Adeo Taldeko kide da multinazionala.

Irregulartasunak

Irregulartasunak salatu ditu Galdakaoko EH Bilduk: “Lurzoruaren egungo jabeak ez du inolako baimenik eraikina eraisteko eta kutsatutako lurrak hormigoiarekin estaltzen ari da, kutsaduraren aurkako neurriak hartu gabe”. Salaketa Ingurumen Administrazio Zuzendaritzari jakinarazteko asmoa azaldu du.

VUSA enpresak (Valeriano Urrutikoetxea S.A.) dihardu lantegiaren eraiste lanetan eta salaketen ostean, prozesua berriz hasteko erabakia iragarri du Galdakaoko Udalak.

Bideo hau zabaldu dute, salaketaren froga gisa: