Espainiako Auzitegi Nazionaleko forentsearen txostenak dio Iosu Uribetxeberria presoak kartzelan jaso dezakeela bere minbiziarentzat tratamendua, SER irrati kateak zabaldu duenez. Forentsearen txostenak kontra egingo lioke Donostia Ospitaleak joan den ostiralean egindakoari, azken horrek presoaren egoera "atzeraezina" zela esan baitzuen. Arrazoi horregatik, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak 3. gradua ezarria zion, baldintzapean aske geratu aurreko pausoa. Auzitegi Nazionaleko forentsearen txostenak, ordea, hori eragotzi dezake.
Txostenak onartzen du Uribetxeberriaren minbiziak "pronostiko oso txarra" duela, baina ukatu egiten du momentuz "egoera terminalean" dagoenik.
Forentseak adierazi duenak kontra egiten dio Zaballako kartzelak osatu zuen txostenari ere. Presondegiak adierazi zuenez, eurek daukaten erizaindegia "oinarrizko arreta" eskaintzeko bakarrik dago prestatua. Jorge Fernández Díaz Espainiako Barne Ministroak berak adierazi zuen Uribetxeberriak behar duen tratamenduak ospitale batean egotea eskatzen duela.