argia.eus
INPRIMATU
Folklore trabestia, drag-a eta euskal dantzak lotzen
  • "Zer leku izango dute pertsona ez bitarrek dantza tradizionalari dagokionez?" galdera airera bota eta hausnarketarako bidea ireki nahi izan du Maruxak taldeak Folklore trabestia proiektuaren bidez.

Kattalin Agerre dantzan.eus 2023ko urriaren 24a
Maruxak, Eltziegoko dantzariak, Folklore trabestia. / Argazkia: Iker Perez

Iruñeko Mendillorri auzokoa da Maruxak taldea eta bertako kideak drag-a eta euskal dantza egiten dute. Bi zaletasun horietatik abiatuta, pandemia garaian jardun horiek nahiko mugatuak zeudenez, aprobetxatu zuten euskal dantza eta draga uztartzen dituen zenbait publikazio egiteko sare sozialetan. Euskal dantzen inguruko informazioa zabaldu eta galderak planteatzen dituzte, kuestionatu egiten dituzte oso barneratuta dauden bereizketak eta estereotipoak.

Alde batetik, Euskal Herriko folklore aberastasuna erakutsi nahi izan dute. Horretarako Euskal Herriko hainbat dantza edo festa aukeratu dituzte: Urdiaingo San Joan Kantaita (Nafarroa), Maskaradak (Zuberoa), Dantzari-dantza (Bizkaia), Bolant-dantzak (Nafarroa Beherea eta Nafarroa), Oñatiko Korpus dantzak (Gipuzkoa), Kaskarotak (Lapurdi), Eltziego (Araba), Erronkariko dantzak (Nafarroa). Errituen eta dantzen inguruko azalpen laburrak argitaratu dituzte (testuingurua, datu historikoak, pertsonaiak, jantziak, bultzatzaileak...) eta festa bakoitzak emakumearen parte-hartzeari dagokionez edo generoari loturik izan duen bilakaera zein egungo panoramari buruzko zenbait zertzelada aurkeztu dituzte.

Maruxak, Otsagabiko dantzaria, Folklore trabestia. / Argazkia: Iker Perez

Bestetik, drag-en eta euskal dantzen iruditeria nahasten dituen argazkiak publikatu dituzte. Dantza bakoitzaren azalpenekin batera, Maruxakeko kideak ageri dira dagokion dantzetako arropak jantzita, baina drag ukituarekin.

Nabarmentzen dute folklorean eta dantza tradizionalean binarismoa oso markatua dagoela. Horren aurrea, bereizketa zurrun horrekin hautsi edo jolastu nahi izan dute euskal dantzetan erabiltzen diren jantziak dragarekin uztartuta. Azkenengo argitalpenean, azken urteetan eman diren aurrerapausoak ere nabarmendu dituzte, genero bereizketarik gabe sortu diren dantzen edo jantzien aipamena eginez.

Argitalpenak: