argia.eus
INPRIMATU
Flotillaren bahiketak sumina piztu du Euskal Herrian eta munduan barrena
  • Milaka herritar atera dira kalera Euskal Herriko herri askotan Global Sumud Flotillako partaideen bahiketa salatzeko eta agintariei eta gobernuei Israelekin harreman guztiak apur ditzaten eskatzeko. Munduan barrena ere ehunka mila pertsona atera dira protestetara.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko urriaren 03a
Javi Julio / El Salto CC BY-SA

Iruñean ehunka lagunek eserialdiari ekin diote 18:30ak aldera Merindadeen plazan, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren aurrean. Trafikoa geldiarazi dute eta horrek auto-ilara handiak eragin ditu ondoko kaleetan. Ondoren, 2.000 bat lagun Gazteluko plazara jaitsi dira eta han eman diote amaiera elkarretaratzeari.

Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Baionan ere oso mobilizazio jendetsuak egin dira eta milaka lagunek salatu dute Israelen jokaera. Gasteizen hainbat lagunek tranbia eten dute denbora batez, CAFek Israelekin duen konplizitatea salatzeko eta lurralde okupatuetako tranbia proiektua bertan behera utzi dezan eskatzeko.

Ezohiko mobilizazio eguna izan zen ostegunekoa eta Global Sumud ontzidiaren aurkako erasoak milaka euskal herritar sumindu zituen, eta ez hiriburuetan bakarrik. Debagoieneko herrietan, Zumaian, Markinan, Urruñan, Hendaian, Donibane Garazin eta beste 50 herriren bueltan ere mobilizazioak egin ziren.

Iruñean Gazteluko plazan bukatu zuten mobilizazioa. Argazkia: X. Letona / ARGIA CC BY-SA
Arrasaten egindako elkarretaratzea. Argazkia: Goiena CC BY-SA

Goizean ikasleak greban

Goizeko ikasleen mobilizazioek lagundu zuten arratsaldekoak berotzen. Ikasle Abertzaleek greba deialdia egin zuten ikastetxeetan eta horietako asko gelditu ondoren, manifestazioak eta eserialdiak egin zituzten lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Gedar-ek jakinarazi duenez, Altsasun, Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Beasainen, Eibarren, Elgoibarren, Gernikan, Legazpin, Lizarran, Ondarroan, Oñatin, Tolosan nahiz Zarautzen egin ziren grebak eta mobilizazioak.

Aldarrikapen ozenak egin ziren mobilizazio guztietan eta honakoak laburbildu daitezke: Global Sumud Flotillaren aurkako Israelen erasoa salatu zen, izandako ehunka atxilotuak askatzea eskatu, Gazako blokeoaren apurketa eta laguntza humanitarioa bertaraino iristea. Israelekiko harremanak apurtzea exijitu zieten herritarrek instituzioei eta gizarteari ere eskaera nagusi bat luzatu zioten: “Boikota Israeli”.

Ikasle Abertzaleen manifestazioa Donostian. Argazkia: Gedar

Munduan barrena ere bai

Ontzidiko kideen lehen bahiketak ezagutu ahala, asteazken gauen hasi ziren lehen mobilizazioak Europako hiriburuetan, hala nola Erroman, Bruselan edota Berlinen; egunean zehar, ehunka mila pertsona atera ziren kalera mundu osoan Global Sumud Flotillarekin elkartasuna adierazteko eta Israelen jokaera gaitzesteko. 47 herrialdetako kideak ziren ontzidian eta horietako gehienetan egin dira mobilizazio erraldoiak, besteak beste honako hirietan: Madrid, Bartzelona, Zaragoza, Ankara, Istanbul, Milan, Berlin, Atenas, Mexiko hiriburua edota Buenos Airesen.

Urriak 4: manifestazio nazionala Iruñean

Palestinarekin Elkartasun plataformak manifestazio nazionala deitu du larunbaterako Iruñean. Eguerdiko 12:00etan aterako da Antoniutti parketik. Manex Mañarin plataformako eledunak Euskalerria Irratiari adierazi dionez, “Hiru aldarrikapen nagusiz beteko ditugu kaleak: alde batetik, Palestinako erresistentziaren aldeko aldarriz; eta bestetik, Israelgo estatuaren desegitea galdegiteko eta konplizeen aurkako borrokan segitzeko”.