argia.eus
INPRIMATU
Loiuko aireportura gaur gauean iritsiko dira flotillan joandako lau euskaldunak
  • Global Sumud Flotillako ontzietan zihoazen lau aktibista euskaldunak Atenasera Euskal Herriko 15:30ean heldu dira eta handik Loiura zuzenean hartuko dute hegaldia, 23:15ean iristeko. Jada aske utzi dituzten ekintzaileek kolpeak, umiliazioak, loaren galaraztea edo janaria eta ura ukatu dizkietela salatu dute, besteak beste.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko urriaren 06a
Igande gauean heldu dira hainbat atxilotu Madrilgo aireportura Alvaro Minguito / El Salto

Itziar, Jotas, Karim eta Mikelonen senideekin harremanetan jarri da igandean Israelgo Espainiako Kontsulatua, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria ekimeneko prentsa arduradun Ana Casconek ARGIAri azaldu dionez. ARGIA Mikelonen hurbileko pertsona batekin ere hitz egin du, eta baieztatu du igandeko gauerdi inguruan Fernando López de Castro kontsularen deia jaso zuela.

Globan Sumud Flotillako ontzietan zihoazen lau euskaldunak astelehenean kanporatu dituzte Israeletik. Ktziot presondegi ondoko aireportutik Atenasera bidali dituzte hegazkinez, eta Greziako hiriburura Euskal Herriko 15:30ean iritsi dira. Igandean kontsulak adierazi zien arren ezingo zutela Atenasetik Loiura zuzenean hegaldi bat hartu, azkenean Global Sumud Flotillako prentsa bulegoak baieztatu du Loiura joango dela Atenasetik hegazkin bat gaur.

Torturak eta tratu txarrak

Global Sumud Flotillako ia 500 aktibista atxilotu zituen Israelgo armadak iragan aste amaieran, eta hasi dira batzuk beren jatorrizko herrialdeetara heltzen. Tratu txarrak salatu dituzte askok: kolpeak, umiliazioak, bi egunez loa, ura eta jana ukatzea, begiak estalita eta hankak eta eskuak lotuta mantentzea, arrastaka eramatea... Ontzidian zihoan eta aske utzi berri duten Lorenzo D'Agostino kazetari italiarrak adierazi du Israelgo militarrak bereziki bortiz jokatu dutela Greta Thunberg ekintzaile gaztearekin, "eskarmetua" eman asmoz. Isralego Gobernuak tratu txar eta tortura salaketak ukatu ditu.

Euskaldunek jaso duten tratuaren inguruan ez dute informaziorik ez Casconek ez Mikelonen senideek. Casconek, edonola ere, azpimarratu nahi izan du flotillako atxilotuek lau egunez jaso dituztela sionisten tratu txarrak, baina palestinarrak “urteak” daramatzatela muturreko biolentzia eta genozidioa pairatzen, eta arreta horretan jartzea eskatu du.