Estatuko Fiskal Orokorrak, Eduardo Torres-Dulcek, PPko buruzagiak ikertzeko nahikoa arrasto badela adierazi du. PPk bihar izango den ezohiko bilera batera deitu du zuzendaritza.
Espainiako 13TV kateari egindako adierazpenetan, Torres-Dulcek Alderdi Popularreko kideak deklaratzera deituak izan daitezkeela esan du, beti ere haien testigantza ezinbestekoa balitz gertatutakoa argitzeko. Izan ere, “ikerketan aurrera egiten lagun dezakeen orok emango du testigantza justizia auzitegian.”
Mariano Rajoyk, bestalde, bihar egingo den ezohiko bilera batera deitu du PPko zuzendaritza. Atzo El País egunkariak Luis Bárcenas eta Álvaro Lapuerta diruzain ohiek zeramaten ezkutuko kontabilitatea argitaratu ostean, María Dolores de Cospedalek eta Bárcenas berak ukatu egin dute kontu ofizialetatik at mugimendurik egon denik. Idazkari Orokorraren esanetan “Alderdi Popularra kaltetzea da helburu bakarra” eta “halako xantaiarik ez dute onartuko.” Halaber, barne eta kanpo kontu-ikuskaritzak egin ondoren, goi-kargu batzuek zinpeko adierazpenak egingo dituztela aurreratu du, ezkutatzeko ezer ez dutela argi uztearren.