argia.eus
INPRIMATU
Hernaniko eta Oñatiko harreren antolatzaileak identifikatzeko agindu diote Guardia Zibilari
  • Jose Jabier Zabaleta ‘Baldo’ri eta Xabier Ugarteri eginiko harreren inguruko txostena eskatu dio Espainiako Fiskaltzak Guardia Zibilari. Auzitegi Nazionala ekitaldiak ikertzeko eskumena duela ere ebatzi du.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 07a
Xabier Ugarteri Oñatin eginiko harreraren irudia. Argazkia: insurgente.org.

José Luis Lacama epaileak Espainiako Fiskaltzari galdetu zion Auzitegi Nazionalak Jose Jabier Zabaleta ‘Baldo’ri eta Xabier Ugarteri Hernanin eta Oñatin eginiko harreraz ikertzeko konpetentzia zuen edo ez. Fiskaltzak baietz erantzun dio. Horrez gain, txostena eskatu dio Guardia Zibilari. Harrera horietako antolatzaileak identifikatu ditzala eskatu dio, baita “terrorismoa goratu” zen ala ez ikertzea ere, eta egitekotan nork egin duen argitzea.

Prozeduraren jatorria AVTk uztailaren 27an eta 28an Ugarteri eta Zabaletari eginiko harreren aurka jarritako salaketa da. Jarraian Espainiako Estatuak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak eta Covite biktimen elkarteak ere jarri zuten salaketa, eta egun batzuk geroago VOX alderdiak.