Alfredo De Miguelentzat 29 urteko kartzela eskatu du eta Koldo Ochandiano eta Aitor Telleriarentzat berriz hamabosna urtekoa.
Josu Izaguirre eta Manuel Pereira fiskalek eman dizkiete De Miguel auziko auzipetuei euren ondorioen idatzia. Zigor eskaerak nabarmen jaitsi badituzte ere, praktikan kartzelan igaro beharreko urte kopurua oso altua izango litzateke: 15 eta 9 urte bitartean auzipetu nagusientzat.
Auzipetuek ordaindu beharreko isun ekonomikoak ere ez dira nolanahikoak: De Miguelek 1,2 milioi euro ordaindu beharko lituzke fiskalaren eskariz.
Epaiketan peritu, lekuko eta auzipetuek deklaratu ostean, fiskaltzak frogatutzat jo du EAJko buruzagi ohiek euren "harreman administratibo eta politikoak" erabili zituztela hainbat enpresen bidez etekinak eta komisioak lortzeko.
Epaiketan etenaldia izan zen uda ostean, akusatuek fiskaltzarekin negoziazioak abiatu zituztelako. Hala, zenbait auzipeturekin adostasunera iritsi dira, euren erruduntasuna onartu eta iruzurraren nondik norakoez hitz egitearen truk kartzela zigorra murrizteko. Josu Arruti bitartekariak halaxe egin zuen eta orain soilik 2 urteko zigorra eskatu du harentzat fiskalak, ez litzateke beraz espetxean sartuko, baina hala ere 250.000 euroko isuna ordaindu beharko luke.
Beste auzipetu batzuk ere espetxea saihestu ahal izango dute, Maria Justina Angulo Zanbranako EAJko alkate ohia edo Gurutz Larrañaga sailburuorde ohia kasu. Aldiz, Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria saileko EAJko kideak zortzi urteko kartzela zigorrari egin behar dio aurre malbertsazioagatik. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak ere delitu beragatik akusatu du Sanchez Robles, baina Larrañaga edozein arduraz salbuetsi du erakunde publikoak.