argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak dokumentazioa eskatu dio Donostiako Udalari, uharteko irregulartasun salaketa ikertzeko
  • Donostiako Udaleko LAB sail sindikalak eginiko irregulartasunen salaketaren harira, Gipuzkoako fiskaltzak ikerketa abiatu du. Asteartean, Donostiako alkate Eneko Goiak aitortu du fiskaltzak dokumentazioa eskatu diela. “Udalak bere betebeharra bete du, eta Hondalea-ri buruzko dokumentazio guztia eskaini dio Fiskaltzari”, adierazi du.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 03a
Eneko Goiak azalpenak eman ditu prentsaren aurrean. (Argazkia: BeƱat Parra / Irutxuloko Hitza)

Irutxuloko Hitzako Beñat Parra kazetariak informatu duenez, Tokiko Gobernu Batzordearen ostean gaiari buruz galdetu diote alkateari. “Bere garaian esan nuen gure aldetik prozedura guztia gardena zela, jarraitu zituela udalak dituen arauak eta bazituela idazkaritzaren izan beharreko oniritzi guztiak”.

Donostiako Udaleko LABek Santa Klara uharteko lanen esleipenean ustez irregulartasunak aurkitu eta Eneko Goia alkatearen eta fiskaltzaren eskuetan utzi zituzten ekainean. Fiskaltzak diligentziak irekitzea erabaki du.

Bi delitu identifikatu zituen sindikatu abertzaleak: ustez LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zutela eraikina birgaitzeko exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza teknikoa egiteko lana. Funtzio horretatik, gerora Moyua enpresak gastuetan egindako %23ko gainkostuei onespena eman zieten enpresa horiek, Donostiako proiektu eta obren departamenduko zuzendari Alfonso Vázquezen oniritziarekin.