Ostegunean amaitu da EAJko senatari ohi eta Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari izandako Victor Bravoren aurkako epaiketa. Fiskaltzak seitik bederatzi urtera igo du haren aurkako espetxe zigor eskaera, 1,4 milioi euroko iruzurra leporatuta.
Epaiketaren amaieran, fiskaltzak eta Espainiako Estatuaren abokatuak frogatutzat jo dute Victor Bravoren iruzurra. Bien ustetan, Tarragonako Glass Costa Este Salou enpresaren egoitza fiskala Gipuzkoan ezarriz eta abantaila fiskalak baliatuz egin zuten iruzurra Bravok eta haren bazkide batek. Enpresak, batetik, ez zuen egiazki jarduerarik Gipuzkoako lurraldean. Bestetik, enpresari izaera berezia aitortuta, irabaziengatik %1eko zergak ordaindu zituen, legez ordaindu beharreko %28aren ordez.
Bravoren parte hartzea eta ezagutzak ezinbestekoak izan ziren iruzurra gauzatu ahal izateko, akusazioen esanetan: EAJko senataria zen garaikoa litzateke iruzurra, baina aurretik Gipuzkoako Ogasuneko zuzendaria izan zen Bravo, 1992 eta 2003 urteen artean. Frogatutzat eman dute berak pertsonalki gordetzen zuela "zuzendariaren armairuan" iruzuarra egiten zuen enpresaren expedientea, bere kontroletik kanpoko inongo ikuskatzailek eskura ez zezan.
Fiskaltzak sei urtetik bederatzi urtera igo du Bravoren aurkako espetxe zigor eskaera. Horrez gain, Gipuzkoako Ogasunari 1,4 milioi euro bueltatzea eskatzen dio (ustez lapurtutakoa, eta interesak). Espainiako Estatuaren abokatuak bederatzi urte eskatzen zituen Bravorentzat epaiketa hasi aurretik, 1,8 milioiko isunarekin batera, eta eskaera mantendu du.
Bravorekin batera Glass Costa enpresako administrari eta Bravoren bazkide Fernando Isidoro González izan da epaitua egunotan. Fiskaltzak sei urtetik lau urte eta erdira beheratu du haren aurkako zigor eskaera. Gonzálezek milioi bat euro kontsignatu ditu epaitegian epaiketa hasi aurretik, eta hori dela eta aringarria aplikatu dio fiskaltzak. Estatuaren abokatuak bederatzi urteko eskaera mantendu du.
Defentsek akusatuen errugabetasuna aldarrikatu dute. Amaitu da epaiketa Donostiako Zigor-arloko lehen epaitegian, eta aldeak sententziaren zain daude orain.