Akusazio partikularrak eskatu du bederatzi urteko kartzela zigorra ustez Ester Quintanari tiroa bota zion poliziarentzat, eta hori agindu zuenarentzat. Sententziaren zain geratu da epaiketa.
Mossoen inspektore ordeak eta eskopetariak deklaratu dute asteartean. Inspektore ordeak eta eskopetariak ez ditu erantzun akusazio partikularraren galderak, eldiaro.es hedabideak jaso duenez.
Fiskalaren galderei erantzunez, inspektore ordeak azaldu du 12-15 lagun ari zirela botilak eta harriak botatzen Poliziaren furgonetetara. Talde hori sakabanatzeko, eskopetariari adierazi zion “jaurtigairik gabeko” tiroak egiteko.
Eskopetariak adierazi du ez zuela gomazko pilotarik bota, eta onartu du poliziaren esku-hartzea ez zutela megafonia bidez abisatu. Polizien ustez, beraien jokabidea “ez zen kaltegarria” izan, eta “proportzionala” izan zen. Epaiketan erakutsi dituzten irudietan ikus daitekeenez, ordea, Quintana zauritu zuten lekuan ez zegoen inolako istilurik.
Fiskalak eta akusazio partikularrak eskatu dute bi eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra akusatuentzat; defentsak, berriz, akusatuen absoluzioa. Fiskalaren ustez, Mossoek “arduragabekeria larria” egin zuten eta adierazi du poliziak tiro egin zuela, “nahiz eta egoera lasaia izan”.
Quintanaren abokatuak “ekintza larritzat” jo du tiroak egin izana, eta adierazi du poliziek ez zituztela “segurtasun neurriak bete, esperientzia profesionala badute ere". Asteazkenean aurkeztu dituzte behin betiko informeak, eta sententziaren zain geratu da epaiketa.
2012ko maiatzaren 14an, greba orokor eguna izan zen Bartzelonan. Manifestazioa bukatuta, Esquadra Mossoek jaurtitako gomazko pilota batek aurpegian jo eta ezkerreko begia galdu zuen Quintanak.