Botika zaharren eskubideak erosi, eta beren prezioa neurrigabe igotzea. Horra hor finantza espekulatzaileek sektore farmazeutikoan dirua egiteko modu berria. Ahalik eta etekinik handiena lortzeko asmoz, oso espezifikoak diren zenbait medikamenturen prezioak 2, 10 edota 50 aldiz ere bidertzen hasi dira.
Prezio igoera jasan duten botikak erabilpen masibokoak ez direnez, laborategiek ez dute generikoak ekoizteko motibaziorik, batik bat baimen eta erregistro kontuak saihestearren. Botika horien monopolioa edukita, espekulatzaileek negozio handia egiten dute; haatik, osasun sistema publikorik ez duten herrialdeak jadanik kexu agertzen hasiak dira, bertako biztanleek botikak euren patrikatik ordaindu behar baitituzte.
Rosa Salvador kazetariak La Vanguardian eman du botika trafiko horren berri, baina AEBetan, esaterako, gai honek hautsak dezente harrotu ditu. Polemika pasa den astean sortu zen, Turing enpresak toxoplasmosisa tratatzeko erabiltzen den Daraprim botikaren prezioa %5.000 igo zuenean. Igoera horrek oihartzun handia izan du gizartean, eta Hillary Clintonek berriki industria farmazeutikoaren “gehiegikeriei” aurre egiteko plan bat abian jarriko duela iragarri du, Salvadorrek azaldu duenez.
AEBetako patronatu farmazeutikoak, beren aldetik, gogorki kritikatu du Turing, botiken ekoizleen asoziazioa osatzen duten enpresen baloreak ordezkatzen ez dituela adieraziz. Patronatutik azpimarratu dutenez, euren apustua prezio altuak medikamentu berritzaileen ikerketara bideratzea da. Espekulatzaileek, aitzitik, justu kontrakoa egiten dute: oso zehatzak diren botiken eskubideak erosi, prezioak nabarmen igo, eta ondoren ikerketa eta garapenaren alorrean ez dute inbertsiorik apenas egiten.
Zernahi ere, badirudi praktika horiek aurrera eramaten dituzten enpresei gauzak pixkanaka okertzen hasi zaizkiela, iritzi publikoaren haserreak eta demokratek ezarri nahi dituzten aldaketek enpresa hauek burtsan duten kotizazioan oso eragin ezkorra izan baitute –esaterako Valeantek %35a galdu du astebetean–.