Filma egingo dute Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiari buruz eta aktore bila ari dira

  • Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak hildako langileei buruzko filma errodatuko dute Victor Cabacoren zuzendaritzapean.

1976ko martxoaren 3ko irudi bat: poliziak negarra eragiteko gasa erabili zuen langileak elizatik atera eta tirokatzeko (argazkia: martxoak3.org).

2017ko uztailaren 06an - 09:33

Euskal Herrian 1970eko hamarkadan Espainiako Poliziak egindako sarraski gogoratuenetako bat da. Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizaren barruan bilduta zeuden milaka langileren kontra eraso egin zuten indar armatuek negarra eragiteko gasak erabiliz, batzartutako pertsonak eraikinetik kanpora atera zitezen.

Elizatik ateratzen ari zirela poliziak tirokatu egin zituen langileak. Gerora jakin zenez, 2.000 tiro baino gehiago disparatu zituzten eta bost lagun hil: Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea; Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okindegi-langilea eta ikaslea; Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea; Jose Castillo, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko enpresa bateko langilea; eta Bienvenido Pereda, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea. Beste 150 pertsona ere zauritu zituen poliziak egun hartan.

Maiz ekarri dira gogora gertakari haiek erreportaje, liburu eta dokumentaletan. Orain berriz, film luzea egiteko asmoaren berri dagoela informatu du Hala Bedi irratiak. Sonora Estudios ekoiztetxearen proiektua da eta, Hala Bedik jakin duenez, “datozen egunetan” casting bat egingo dute, filmeko protagonista izateko gazteak aukeratzeko. 18 eta 22 urte arteko mutil eta neska banaren bila ari dira proiektuaren arduradunak, filmeko protagonistak izateko –aktore profesionalak izan daitezela eskatzen dute–.

Interesatuentzat, e-posta helbide bat publiko egin dute, hautagai izan nahi duenak bere ezaugarrien berri eman dezan: txabe.atxa@gmail.com da helbidea.

Aktoreak aukeratzeko saioak datozen asteetan egingo dira Gasteizko Arte Eszenikoen Tailerrean (Errege-erregina Katolikoen kalea 4). Castingaren zuzendaria Txabe Atxa izango da, zeinak Errementari filmean ere lan bera egin duen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude