argia.eus
INPRIMATU
Film onenaren saria eskuratu du Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas' Forqué zinema sarietan
  • 20.000 especies de abejas pelikula onenaren saria eskuratu zuen. Goya sarietan du hurrengo geldialdia zinemagile laudioarrak.

Aiaraldea @aiaraldea Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abenduaren 18a

Sari berri bat gehitu dio Estibaliz Urresolak 20.000 especies de abejas filmaren garaipen-zerrenda luzeari. Izan ere, zinemagile laudioarraren fikziozko lehenengo lan luzea Forque Sarietako irabazlea izan zen bart.

Madrileko IFEMA aretoan egin zen sariketa, eta zinemagile laudioarrak eskuratu zuen iluntzeko aipamen nagusia: Fikziozko Film Luze Onenaren saria. Urresolaren filmarekin batera, La Sociedad de la Nieve, Cerrar los ojos eta Upon Entry pelikulak zeuden kategoria nagusian izendatuta. Bigarren sari bat ere eskuratu zuen 20.000 especies de abejas lanak, Zinema eta Baloreen Hezkuntzaren saria, hain zuzen.

Honakoa ez da zuzendari laudioarrak Forqué sarietan aipamen bat jasotzen duen lehenengo aldia. Duela urtebete film labur onenaren saria irabazi zuen Cuerdas film laburrarekin.

Aurtengo garaipenak Goya sarietarako bidea leundu dio Urresolari, eta datorren otsailaren 10ean egingo den sariketarako faborito bilakatu da bere filma. Orotara, hamabost izendapen eskuratu ditu Urresolak Goya sarietan.