Federico Addiechi-k, diskriminazioaren aurkako eta aniztasunaren FIFAko arduradunak, 45 eraso sexista egon direla jakinarazi du, horietatik hamabost emakumezko kazetarien aurkakoak izan dira.
Sexismoari aurre egiteko, FIFAk eskatu die futbol partidak eskaintzen dituzten telebista kateei harmailetako zaleen irudiak eskaintzean “emakume ederrak” apropos ez enfokatzeko. Joera hau ez da bakarrik futbolean gertatzen, kirol emanaldi askotako zuzeneko emanaldietan errepikatzen den joera da.
Ildo horretan, Getty Imagesek ere polemika eragin du. Argazki agentziak argazki galeria bat sortu du “Munduko Txapelketako emakume ederrenak” izenburuarekin. Segituan kendu dute saretik eta “akats tamalgarria” izan dela adierazi dute. Barne ikerketa bat egingo dutela gehitu dute gertatutakoa azaltzeko.
Orain arte 45 eraso sexista erregistratu dituzte eta gehienak emakume errusiarrak pairatu dituztela gehitu du Piara Power-rek FAREko (Munduko Futbol Txapelketan diskriminazio eta arrazismo kasuak aztertzen dituen erakundea) zuzendari exekutiboak. Zifra hauek “hamar aldiz handiagoak” izan daitezkeela gaineratu du, asko ez baitituzte salatzen.
Eraso hauek egin dituzten gizonei FAN ID-a kendu diete, futbol zelaietara sartzeko beharrezkoa dena, eta Errusiatik joatera behartu dituzte. Dena den, erasoak futbol zelaietatik kanpo izan direla adierazi du Addiechi-k eta askotan sare sozialei esker izan dutela hauen berri gehitu du.