Hendaia Film Festivala gutxiengoen inguruko topagunea da. Aurten IV. edizioa ospatuko da urriaren 13tik 15era. Izen-emate epea zabalik da maiatzaren 15era arte eta dohainik da.
Festibalean parte-hartzeko funtsezko bi betebeharrak hauek dira: bat, film laburrek ezin izango dute 20 minutuko iraupena gainditu, kredituak barne. Bi, 2015eko urtarrilaz geroztik ekoiztutako obrak izan behar dute.
Iazko ekitaldiaren ondoren, festibaleko zuzendaria Angela Mejias elkarrizketatu genuen. Festibalaren espiritua laburbiltzen duten haren zenbait hitz dituzu jarraian:
Hendaia Film Festivala, mugaz eta instituzioez gaindiko festibala da.
Trukerako balio du: kidetasuna, jendetasuna, elkartasuna eta irekiduraren eredu izan behar du. Irekidura, lehenbizi herritarrekiko eta instituzioekiko ondoren.
Akitania-Euskadi mugaz gaindiko instituzioko frantsesek ez dute hegoaldearekin elkarlanean aritu nahi. Akitaniako Erregioaren Gobernuak hiru urtetan ez digu deusik eman.
Adibiderako, hainbat film Serbia edo Eslovenia herrialdetik etorri dira, ezezagunak guretzat. Herrialde horietako film laburrak ez dira hemen ikusten. Etorkizuneko zinemagileak ezagutarazteko eta hemengo publikoari filmak ezagutzeko parada da festibala.
Festibala antolatzeko profesionaltasuna behar da, baina profesionalak musu-truk ari dira. Festibalak bestelako laguntza behar du, beraz.
Festibala Les Variétés zinema-aretoan eta Mendi Zolan kultura-gunean izaten da. Izena emateko eta xehetasun gehiago izateko: Joana Asurmendi 0033 (0) 666 924 238 contact@hendaiafilmfestival.com
www.hendaiafilmfestival.com