Jaietan animaliek jasaten duten tratu txarraz hitz egiteko eta gaia mahaigaineratzeko aukera eskertu diote Askekintzako kideek ARGIAri. “Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak... Adibideak amaiezinak dira”, azaldu dute.
Festetako jardun hau, animaliekin oro har dugun harremanaren “gure gizarte eta kulturaren ispilu garbia” dela gaineratu dute sarituek.
Lau urteko lanaren emaitza da Gurean dokumentala, eta ez da lan erraza izan, batetik ezkutuan egin behar izan dutelako, bestetik era autogestionatuan burutu dutelako, “inolako laguntzarik gabe eta ekintzaile ugariren indarrari esker”.
Dokumentalaren azken hitzak gogoratuz bukatu nahi izan dute hitzartzea sarituek: “Gure herriak aurrerapauso ugari eman ditu historian zehar, harrotasunez, jendarte justuago bat sortzearen alde; orain, garaia iritsi zaigu festetan animalien erabilera zalantzan jartzeko, beste animaliak errespetatuz, elkartasunean eta berdintasunean eraiki ditzagun. Festak espezismorik gabe ospatzeko ordua da, festak ospatu eta animaliak askatzekoa”.