argia.eus
INPRIMATU
Azal zurikoek dantza dezakete diskotekan, beste guztiek zailago daukate
  • SOS Arrazakeriak diskoteketan arraza dela-eta ematen den diskriminazioa salatu du. Joan den asteburuan Donostia, Coruña, Zaragoza, Madril eta Bartzelonako 28 diskotekatan egin dituzten probek erakutsi dute lokal horien %37k arrazoi etnikoengatik diskriminatzen duela.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 10a
Donostiako Bataplan diskotekan egindako saiakeran eman zen bazterkeria kasu nabarmenena (argazkia: OcioGipuzkoa).

Diskoteketako atezainek lokaletan sartzen ez uzteko erabiltzen dituzten arrazoiek gehienetan ez dute zerikusirik izaten azalaren kolorearekin; gonbidapena edukitzea edota zerrenda batean apuntatua egotea eskatzen diete baztertu nahi dituzten herritarrei.

Testing izeneko froga hauetan arraza ezberdineko 4 bikote diskoteketan eta tabernetan sartzen saiatzen dira, txandaka.

Donostian, Saharako bikote bat, bi lagun magrebiar, bi latindar eta bikote euskaldun batek hartu zuten parte frogan. Bataplan, La Rotonda, Friends eta Sheraton diskoteketan sartzen saiatu ziren, eta bikote euskalduna izan zen guztietan sartu zen bakarra. Bataplanen ez zieten sartzen utzi bikote migratzaileei, La Rotondan sarrera garestiago ordaindu behar izan zuten eta beste bietan arazorik gabe sartu ziren guztiak.

SOS Arrazakeriak “sarrera ukatzeko eskubidearen gehiegizko erabilera” salatu du. Espainiako Gobernuari neurriak hartzeko eskatu dio, eta sarrera ukatzen dietenei salaketak jartzearen beharra azpimarratu diete.