argia.eus
INPRIMATU
Fernández eta Cabieces inputatzeko eskatu du fiskaltzak
  • Kutxabankeko ordainketa irregularren auzia epaitegira bideratu du Carmen Adam fiskalak. Rafael Alcorta abokatua inputatzeko eskaria ere egin du txosten berean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko otsailaren 11

Sei hilabeteko epea zuen arren, egun gutxi batzuk besterik ez ditu utzi Bilboko fiskaltzak erabakia hartzeko: Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernández eta EAEn Espainiako Gobernuko delegatu izandako Mikel Cabieces inputatzeko eskaria egin dio epaileari.

Bankuak bere presidente ohia salatu zuen, Alcorta & Asociados abokatu bulegoaren bidez Cabiecesi 6.000 euroko soldata –guztira 243.000 euro– ordaintzeko agindu zuelakoan; abokatu bulego horretako arduraduna, Rafael Alcorta, inputatzeko eskaria ere egin du Carmen Adamek.

Ordainketa irrregular horien atzean delitu sozietarioa egon daitekeela uste du fiskalak. Epaileak deliberatuz gero Kutxabankek galera ekonomikoa izan duela, sei hilabete eta lau urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete inplikatuek. EH Bilduk esan du aztertzen ari dela akusazio partikular gisa aurkeztea balizko epaiketa batean.

Fernandez-Cabieces auziak ika-mika handia sortu du alderdi politiko nagusien artean eta bertsio ezberdinak eman dituzte batzuek eta besteek.