argia.eus
INPRIMATU
Fernández eta Cabieces, epailearen aurrera
  • Kutxabankeko zuzendari izandako Mario Fernándezek eta Espainiako Gobernuko delegatu ohi Mikel Cabiecesek aurkeztutako helegitea baztertu egin du Bizkaiko Auzitegi Probintzialak. Epaiketara ez joatea zen haien helburua, baina ez dute lortu. Fernández Kutxabankeko buru zela Cabiecesi ilegalki ordainketak egitea leporatzen diete.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 09a
Kutxabankeko zuzendari izandako Mario Fernández. (Argazkia: eldiario.es)

“Zentzuzko kriminalitate adierazgarriak daude helegileen aurka”. Hori da Bizkaiko Auzitegi Probintzialaren autoak dioena, Garak argitaratu duenaren arabera. Mario Fernández eta Mikel Cabieces, Rafael Alcorta abokatuarekin batera, epaitu egingo dituzte beraz, bidegabeko jabetze eta administrazio desleial eta iruzurrezkoagatik.

5.783 euroko soldata jasotzen zuen Mikel Cabieces sozialistak Kutxabanken eskutik Mario Fernández zuzendari zenean. Ustez Rafael Alcortaren abokatu-langelaren bidez legelari lanetan aritzeagatik ordaintzen zitzaion, baina entitate honek Kutxabankekin zuen kontratuan zuzenbide zerbitzuak bitartekorik gabe egingo zirela zegoen hitzartuta.

Gauzak horrela, Fernándezek Cabiecesekin egindako kontratua “presidente karguaren nagusikeriarekin” egin zuela ebatzi du Auzitegiak, eta Kutxabanken funtsen erabilera “bidegabea” izan zela.

Kutxabank auzia erakundeak berak jarritako salaketa baten ondoren lehertu zen eta Fernándezek 243.592 euro itzuli zituen orduan.