Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza zuzendariak asteartean Rafa Diez LABeko idazkari ohia El Duesoko (Kantabria) kartzelan bisitatu zuela jakinarazi du. Ordu erdira bisitari amaiera eman ziola “duintasun instituzionalagatik”.
Espainiako Barne Ministerioak dioenez, Fernandezek eta Diezek arauak hautsi zituzten, Diezek lokutorioko kristaletik agiri politiko bat erakutsi ziola Fernandezi eta hori debekatuta dagoela; eta gainera politikaz ari zirela. Hori zela eta, funtzionario batek Fernandezi eskatu zion entrega zitzala idazten ari zen oharrak. Egoera horretan, eta “duintasun instituzionalagatik”, bisita eten zuen Fenandezek.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren esanetan, berak Bake eta Bizikidetza zuzendari gisa eskatu zuen bisita eta ez –Barne Ministerioak dioen bezala– lagun gisa. Diezek ez zion agiririk erakutsi, baizik hitz egiten ari zena islatzen zuen eskema bat. Inork ez omen zien esan hizketaldia grabatua izango zenik.
Esperpentoaren eremukoa izan liteke Fernandez-Diez bisitarekin gertatutakoa, preso eta senide edo lagunen arteko beste hainbat bisita bezala, baina hori baino askoz serioagoa ere bada, azken finean Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari egiten dion mespretxu sinboliko handia erakusten duelako. Bat gehiago. Eta baita ere –hamaikagarrenez– bake prozesuarekiko duen borondate hutsala.
EFE agentzia bidez Espainiako Gobernuak eman du gertatutakoaren berri, dena normala bailitzan: bisita kristala tartean egin beharra, grabatuta, politikaz ezin hitz egin, agiririk erakutsi ez eta notak hartu ere ez… Soweto 1975 edo Espainia 2015? Zer pentsatuko ote du Mo Mowland Ipar Irlandarako ministro britainiar kontserbadoreak halakoez? Berak 1998an Irlandako preso errepublikarrak bisitatu zituen espetxetan hango bake prozesua bultzatzeko. Bada aldea.
Urkullu lehendakariak bere agintaldi hasieratik esan du Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa zirrikitua irekia duela, baina Madril aldetik emandako erantzunak ez dira txantxetakoak izan. Horien artean da, esaterako, 2013ko udaberrian ETAren armagabetzearen erraztatzaileak Madrilgo Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituenekoa.
Jonan Fernandezek adierazi duenez, honek guztiak zaildu egiten ditu alde bien arteko harremanak eta Eusko Jaurlaritzak gertatutakoaren balorazio zehatza egingo du. Garai berrietan bizi garela eta bake prozesua aurrera ateratzeko behar den guztiarekin hitz egiten jarraitzeko prestutasuna agertu du. Beste preso batzuk bisitatzen ari den galdetuta, hori diskrezioaren eremuan utziko duela erantzun du. ARGIAko iazko elkarrizketa honetan jakinazi zuen euskal presoak bisitatzeko zuen prestutasuna. Duela gutxi, halaber, Urkullu lehendakariak eta Fernandezek Etxerateko ordezkaritza bat ofizialki hartu berri dute Gasteizen.