Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak egunotan erabakiko du ikerketa hasiko duen ala ez Jorge Fernandez Diaz jarduneko Barne Ministroari eginiko grabazioen auzian. Ekainaren 30ean Público egunkariko kazetariek jo zuten Fiskaltzara, poliziak agindu judizialik gabe erredakzioan azaldu ostean.
2014ko urrikoak dira Fernandez Diazi eginiko grabazioak eta Público egunkariak argitaratu zituen duela hiru aste, hauteskundeak baino lau egun lehenago. Barne Ministroaren bulegoan izandako bilera batekoak dira, eta iruzurraren aurkako bulegoko zuzendari De Alfonsorekin izandako elkarrizketa jasotzen du. ERCko buru Oriol Junqueras ustelkeria kasuekin lotu nahian entzun daitezke biak, besteak beste.
José Manuel Villarejo polizia-komisarioa pasa den astean izan zen epaitegian eta hark esandakoaren arabera “Katalunia operazioa” PPren gobernualdian martxan egon da, politikari independentistei min egiteko. Fernandez Diazek berak eta Espainiako Gobernuak, momentuz, auziaren inguruko ikerketa zabalik dagoela esan dute soilik.
Epaitegietan eman daitezkeen egoerak
Bi aukera daude: Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiak intimitaterako eskubideen urraketa egon dela erabakitzen badu, ez du auzian esku hartuko, kaltetuaren salaketa behar delako, eta Fernandez Diazek ez du halakorik jarri. Ordea, ondorioztatzen bada sekretuak agerrarazi direla, izapideak egingo ditu eta epaitegi bat hasiko da auzian lanean.
Bigarren aukera horrek Bartzelonako Fiskaltzari ere eragingo dio, ERCk Fernandez Diazi eta De Alfonsori jarritako salaketaren inguruan erabaki beharko baitu. Hori gertatuz gero, Espainiako Barne Ministerioak kasua kontrolatzeko zailtasun handiak izango lituzke Eldiario.es-en arabera.
Fiskaltzaren erabakiak gorabehera, beste problema bat ere eduki dezake Espainiako Gobernuak: PSOEek, Podemosek, ERCk eta CDCk babestuta grabaketei buruzko ikerketa batzordea jarri daiteke abian Espainiako Diputatuen Kongresuan.