Euskal Herriko artzaintzaren kulturan aditua izan da; milaka pieza jaso eta dokumentatu ditu Aranzadirekin. 45 urte eman zituen Etnografia Saileko zuzendari.
Espeleologian eta etnografian zuen afizioa, ofizio bihurtu zuen gaztarotik: Fermin Leizaola donostiarra 16 urte zituela sartu zen Aranzadi Zientzia Elkartean. Ikasketaz analista kimikoa zen, baina bizitza osoa eman du Aranzadiko jardunean. Hain zuzen, 45 urte baino gehiago eman ditu Etnografia Saileko zuzendari izaten; 2024ko azaroan hartu zion erreleboa Maite Errartek. Duela zazpi urte, 2018an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen etnografiaren alorrean egindako lanaren aitortza moduan.
Baserriari eta artzaintzari loturiko munduak liluratuta, lan handia egin du ikerkuntzan. Milaka lanabes, pieza eta bestelako dokumentu gorde eta arakatu ditu, "objektu horiei zentzua ematen zion bizimodu tradizionala desagertzen ari zela ikusi eta horrek arduratzen zuelako"; Errartek ARGIAri kontatzen zionez gero. "Gure kasuan, agian, etengabe aldatzen ari den bizimodu aktualago eta azkarrago bati lotutako beste elementu batzuek sortzen digute nostalgia edo kezka hori: haurrak ginela hainbat gauza ikusten genituen, eta dagoeneko ez".
Esaterako,1989an, Zaharkinak proiektua ipini zuten abian Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egitasmo horren helburua zen herritarrek euren etxe eta baserrietan zituzten objektu zaharrak aldi baterako zientzia elkarteari uztea, horiekin erakusketa bat zabaltzeko. Harrera beroa izan zuen, eta hamabost urte inguruz luzatu zen proiektua.
Artzaintzaren munduan hainbeste barneratu aurretik, ordea, kobazuloetan ibili zen, espeleologian. Elkartean sartu zen unean, 16 urterekin, Historiaurrea deituriko taldean aritu zen, hala nola Jose Miguel Barandiaran, Perico Espada eta abarrekin, eta 1960tik aitzina egingo ziren indusketetan parte hartu zuen. Euskal Herrian induskatu zen lehen kobazuloan, Errenteriako Aizpitarten, egon zen Leizaola. Urteak eman zituen kobazuloetako tenperaturak neurtzen eta intsektuak aztertzen.
Kobazuloen ikerkuntzan zebilela, horietara heltzeko baserrien albotik igaro behar izaten zuen sarri. Eta askotan inguruko baserritarrengana jo behar izaten zuen laguntza eske. Berria egunkariko Kristina Berasain kazetariari kontatu zionez, baserritarren eta artzaintzaren munduarekin horrela konektatu zuen, "liluratu" zen: "Ni kalekume bat nintzen, eta bizimodu horren aurkikuntzak sekulako zirrara eragin zidan".