argia.eus
INPRIMATU
Feministaldia abian normaltasunaren eraikuntzari kontra egiten jarraitzeko
  • Abenduaren 16tik 19ra bitartean ospatuko dute X. Feministaldia jaialdia Donostian. Urtero legez, arte eta politika garaikidearen kultur jarduera esanguratsuenak ikuspegi feministatik landuko dituzte.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 16a
Hitzaldi, mahai-inguru, film emanaldi, performance eta dj-ak izango dira lau egunotan zehar.

Egitarau oparoa antolatu dute urteurrena ospatzeko. Hitzaldi, mahai-inguru, film emanaldi, performance eta dj-ak izango dira lau egunotan zehar. Feministaldiaren X. edizioko ekitaldiak Tabakaleran eta Guardetxean egingo dira.

Jaialdiari hasiera emateko, Tabakalerako Z aretoan, 18:00tatik aurrera generoaren arteko harremanaz hausnartuko dute Lorena Cabnal eta Magdalena Leon pentsalariek. Eguna, luntx batekin eta Dj Kukiren musikarekin amaituko da.

Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak antolatu du jaialdia, Donostia 2016ren eta Tabakaleraren kolaborazioarekin eta Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala laguntzaile dituela.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak hautagai zenetik egin zuten apustu Feministaldia kultur programan, Bizitzaren Itsasargiaren baitan, sartzeko. Jaialdia, modu eta leku ezberdinetan “arauak zalantzan jartzen” eta “betaurreko moreekin istorio berriak kontatzen” dituzten sortzaile eta ekintzaileen topaleku bilakatu dela adierazi dute.

Kontra aurtengo leloa

Lelo gisa “kontra” aukeratu dute antolatzaileek: “Diskurtso feminista egungo botere harremanek sortutako indarkeriaren aurkako borrokak ezaugarritzen du, hain justu. Feminismoaren zereginetako bat indarkeria horiek desnaturalizatu eta botere harreman horiek irauliko dituzten marko teoriko eta praktikak sortzea izan da”. Feminismoa normaltasuna eraikitzen zuten jakintza guzti horiei kontra ekinez eraiki dela azaldu dute.