argia.eus
INPRIMATU
“Feminismotik neskak ahalduntzen asmatu dugu, baina mutilekin ez dugu biderik aproposena aurkitu”
  • Beldur Barik bideo-lehiaketak egunerokoan bizi dituzten indarkeria matxistez hausnartzen jarri ditu 12-20 urte arteko gazteak. Aurkeztu dituzten bideoez eta institutuetako errealitateaz aritu gara Oihana Llorente antolatzaileetako batekin: “Normalizatuta ditugun indarkeriak dira ikustea gehien kostatzen zaizkigunak”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko azaroaren 17a
Oihana Llorente. Dani Blanco / ARGIA - CC BY SA

Komunikazioa eta teknologia uztartzen dituen Iametza enpresak eta generoa ardatz duen Parean elkarteak osatzen dute aurtengo Beldur Barik lehiaketaren idazkaritza teknikoa, antolakuntza. Parean elkarteko Oihana Llorenterekin hitz egin du ARGIAk.

Zer moduzko parte-hartzea izan du aurten lehiaketak eta zein eduki jaso dituzue? Alegia, ze jarrera eta jokabide matxista azaleratu dituzte gazteek bideoetan?

Azken hiru urteetan baino parte-hartze handiagoa izan dugu, pozgarria da. Gazteek beraien egunerokoan indarkeria matxistari lotutako egoerak identifikatzeko tresna izan nahi du lehiaketak, eta lortu dugu ohikoak zaizkien egoera horiek detektatzea, bideoetan ikusaraztea, eta horien aurrean “beldur barik jarrera” erakustea. Denetarik dago bideoetan, tartean sexismoa, diskriminazioa, indarkeria matxista parrandan… eta estereotipoen lanketa handia dago bideo ugaritan, estereotipoak nola borrokatu.

Bideoa bera garrantzitsua da, baina guretzat bereziena da bideoen atzean dagoen prozesua, gogoeta, ahalduntzea. Prozesu horrek balio izan badu kontzientziak pizteko, ez da gutxi.

"Beldur Barik moduko proiektuak martxan jartzea interesgarria da, gazteek esaten digutelako zein indarkeria egoera bizi dituzten"

Beldur barik jarrera aipatu duzu: neska ahaldunduak eta mutil konprometituak ikusarazi nahi ditu lehiaketak. Errealitatean ere neska ahaldunduak eta mutil konprometituak ditugu institutuetan?

Neska ahaldunduak bai, gero eta gehiago, eta azken hamarkadetan asko aurreratu dugula uste dut, baina mutil konprometituak, horiek ez dira hainbeste ikusten. Gai honetan ultraeskuina pastela jaten ari zaigula entzuten dugu hedabideetan, eta egia da jarrera erreakzionarioak ikusten direla batzuetan mutilen artean, hezkidetza lantzen denean. Feminismotik neskak ahalduntzen asmatu dugu, baina mutilekin ez dugu biderik aproposena aurkitu, esango nuke.

Horren harira, Plan International GKEak berriki argitaratutako ikerketa aipatu nahi nizuke. Espainiako Estatuko datuak dira, baina Euskal Herrian ez gara urruti ibiliko: 12-21 urte bitarteko 4 mutiletik ia 3 kezkatzen ditu bidegabeko jazarpenaz edo genero-indarkeriaz salatzeak. Konplexua al da mutilekin lanketa egitea?

Oso konplexua da. Ikastetxeetara gai hauekin joaten garelarik, defentsiban jartzen dira eta eraso egiten zaiela sentitzen dute, beraz abiapuntuko egoera bera ez da egokiena lanketa egiteko. Fase ezberdinetatik pasa gara: kontrakotasuna nagusi izatetik igaro ginen zuzentasun politikora, bai neskek bai mutilek bazekiten diskurtsiboki zein zen erantzun egokia, eta oraingo fasean oldartu egiten zaizkigu gai hauek lantzera goazenean. Uste dut mutilek galderan aipatu dituzun mamu eta beldur horiek sentitzen dituztela edo sentiarazten dizkietela, hala bizi dutela, eta horregatik tripetatik ateratzen zaiela erantzun oldarkor hori, sare sozialetan-eta ultraeskuinak lortu baitu gorroto diskurtsoak oso ongi zabaltzea eta gazteen arreta bereganatzea. Gazteak eurak dira gezurretan oinarritutako diskurtso horiek eskolan botatzen dituztenak; salaketa faltsuen mamua ikasgela guztietan ateratzen da, nahiz eta datuek erakutsi salaketa faltsuak oso gutxi direla. Asmatu beharko dira molde eta modu berriak, lanketa zuzenagoak, gaia mutilekin egoki jorratzeko.

"Kontrakotasunetik igaro ginen zuzentasun politikora, bai neskek bai mutilek bazekiten diskurtsiboki zein zen erantzun egokia, eta oraingo fasean mutilak oldartu egiten zaizkigu gai hauek lantzera goazenean"

Ikerketa berak dio 12-16 urteko nesken %84a beldur dela bere irudia ez ote den erabiliko eduki sexual faltsuak sortzeko, Adimen Artifiziala erabiliz. Garai berriak, beldur berriak, baina oinarri bera?

Genero arrakala, tamalez, garai berrietara egokitzen da. Horregatik da interesgarria Beldur Barik moduko proiektuak martxan jartzea, neska gazteek eta gazteek orokorrean esaten digutelako zein indarkeria egoera bizi dituzten, eta agian ez dira helduon kezkak, baina bai gazteenak, eta erantzun egin behar zaie. Indarkeria bizitzako garai ezberdinetan bizi dute emakumeek, oso modu ezberdinean, guztiei erantzun behar zaie eta ulertu behar dugu dena logika beraren parte dela.

Ikerketan galdetutako nerabeen erdiak uste du onargarria dela bikotekideari mugikorra berrikustea, eta bitik bati normala iruditzen zaio mutil batek une oro neska-laguna non dagoen jakin nahi izatea.

Guri kontrol izugarria iruditzen zaiguna beraiek ez dute hala bizi, ez bakarrik bikote harremanetan, baita lagunen artean ere, “mugikorrera bidali diodan mezua ikusi du eta ez dit erantzun” eta halakoak. Kasu hauetan ere, betaurrekoak jarri behar, muturreko indarkeria matxistara iritsi aurretik alarma asko daudelako bidean, eta horiez ohartu behar dugu, mugak jarri behar ditugu; kontua da normalizatuta ditugun indarkeriak direla ikustea gehien kostatzen zaizkigunak.

"Muturreko indarkeria matxistara iritsi aurretik alarma asko daude bidean, eta horiez ohartu behar dugu, mugak jarri behar ditugu"

Itzul gaitezen lehiaketara. Topaketa eta sari banaketa egingo duzue azaro bukaeran. Aurrez, herritarrek bozkatzeko aukera dute.

Hori da. Edozeinek bozkatzeko aukera zabalik dago ostegunera arte, azken egun hori barne (lotura honetan ikusi eta bozkatu daitezke bideoak). Interesgarria da bideo hauek ikustea, gazteak ari direlako beren errealitateaz, eta ikusteko nola antolatzen diren indarkeriaren aurka. Boto gehien lortzen duen lanak sari bat izango du eta beste bost banatuko dira. Derion egingo dugu sari banaketa, azaroaren 28an, eta hiru tailer antolatu ditugu topaketa horietarako: maskulinitateak, ahalduntzea eta antzerki-tailerra. Süne taldearen kontzertua ere izango da. Egun polita izaten da (webgunean eman daiteke izena, topaketara joateko).