Abian dira Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxarako prestaketa eta deialdiak. Oraingoan aldarrikapen eta borroka feministak Euskal Herriko txoko guztietan ereiteko deia egin dute antolatzaileek bideo baten bidez.
2015eko ekintzan haziak dira elementu nagusietako bat, elikadura burujabetzaren ikur. Antolakuntzatik ekintza sinbolikoa proposatu dute norbanako zein kolektibo guztiei zuzenduta: benetako ereite baten bitartez, tokiko hazi edo landare bat landatuz, feminismoaren aldarrikapenak zabaltzea ahal bezainbeste tokitan.
Irailaren 28tik urriaren 4era bitartean igaroko da Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herritik. Martxoaren 8an hasi zuen bere ibilbidea Europako Karabana Feministak Kurdistanen, eta orduz geroztik Europako hamaika herritatik dabil gelditu gabe.
Eredu kapitalista heteropatriarkalaren aurrean alternatibak azaltzea du helburu Emakumeen Mundu Martxak, eta horretan dihardute herrialde ugaritako milaka emakume parte-hartzaileek.
Urriaren 17an amaituko da Europako Karabana Feminista Coimbran (Portugal).