Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterreko partaideek antolatutako Nazionalismoa ikertuz nazioarteko kongresuaren bigarren egunean, azaroaren 28an, feminismoak naziogintzan eta estatugintzan jorratzen duen funtzioa hizpide izan dituzte Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Mahai ingurua dinamizatu duten Maider Galardi eta Olatz Dañobeitia EHUko irakasleek galdera luzatu diete hizlariei: “Zergatik ikusten duzue beharrezkoa estatugintza eta naziogintza feminismotik lantzea, eta ikuspegi intersekzional bat ematea?”
Maria Rodó-Zarate Bartzelonako UPF Pompeu Fabrako Unibertsitateko irakasleak erantzun zion lehenbizi galderari, eta argi adierazi zuen: “Generoa eta nazionalismoa ikuspegi intersezkionaletik lotu daitezke”. Hain zuzen, intersekzionalitatea, hizkuntza eta nazioaren eraikuntza uztartzen ditu Rodó-Zaratek bere ikerketetan.
Azken mendeetan naziogintza eta feminismoa kasu ugaritan “talkan” egon direla aipatu zuen UPFko irakasleak, eta adibide gisa egun oraindik hedatua dagoen mito bat ipini: Feminismoa “nazioa banatzeko” tresna gisa erabiltzen dela. “Emakumeak subjektu pasiboak izan dira nazioen eraikuntzan, eta estatugintza maskulinitatearekin lotu ohi izan da”, adierazi zuen Rodó-Zaratek. Horren erakusle, XX. mendean Afrikan, Latinoamerikan eta Asian gauzatutako hainbat nazio askapen mugimendu aipatu zituen Rodó-Zaratek, baita estaturik gabeko nazioetako hainbat mugimendu independentista ere.
“Emakumeak subjektu pasiboak izan dira nazioen eraikuntzan, eta estatugintza maskulinitatearekin lotu ohi izan da” (Maria Rodó-Zarate)
Salbuespen gisa, ordea, Euskal Herriko, Kurdistango eta Kataluniako nazioen eraikuntza mugimenduetan feminismoak ezinbesteko papera jorratu eta jorratzen jarraitzen duela azpimarratu zuen. Hain zuzen, Kataluniako kasua aztertu du Rodó-Zaratek beste hainbat ikerlarirekin batera, eta azpimarratu zuen analisi intersekzionalak nazio auzian dauden egitura ezberdinak ulertzeko “tresna ezin hobeak” direla.
Nazionalismo feministaren ikuspegi emantzipatzailea
Johannes Hess Berlingo Freie Unibertsitateko ikerlariarentzat, “nazionalismo feministak ikuspegi emantzipatzaileagoa” du. Nazionalismo tradizionalista, ordea, “gizonaren agintean” oinarritzen dela adierazi zuen: “Emakumeari nazioaren erreprodukzioa gauzatzeko funtzioa esleitzen dio, familiaren egitura tradizionalistan sakonduz”. Hessen arabera, nazionalismo feminista bi zapalkuntzen bateratzea denez, “gaitasun emantzipatzaile handiagoa” du.
Kataluniaren kasuaren azterketatik, Hessek zera ondorioztatu du: Kataluniako nazioaren ikuspegi tradizionalista edo nostalgia edukiz gero, ezaugarri femeninoak baztertzeko joera handiagoa dela. Azpimarratu zuen nazioaren eraikuntzatik “besteak” baztertzeak emakumeen parte hartze politikoa ere murrizten duela: “Etorkinak baztertzen dituen proiektu politiko batek ezin ditu emakumeak integratu klase eta genero ikuspegi batetik”.
“Etorkinak baztertzen dituen proiektu politiko batek ezin ditu emakumeak integratu klase eta genero ikuspegi batetik” (Johannes Hess)
Mugimendu feministaren lorpenak
“Testuinguru geopolitiko arriskutsuan murgilduta gaude, ultraeskuinaren gorakadan, eta haren diskurtsoaren oinarri nagusietako bi feminismoaren eta etorkinen aurkakoak dira”, ohartarazi du Mila Amurrio Parte Hartuz taldeko kide eta EHUko irakasleak. Kolektibo zaurgarrienen aurkako diskurtsoak gizartean “erraz” hedatzen ari dira, Amurrioren arabera.
Hortaz, estaturik gabeko nazioetan estatugintza eta naziogintza “ezkerreko ikuspegietatik” jorratzeko beharra azpimarratu du Amurriok: “Euskal nazioarekiko atxikipena sortzeko eta naziotasuna eta herritartasuna denentzako izateko”. Paper horretan mugimendu feministak azken urteetan “ekarpen esanguratsuak” egin dituela azpimarratu zuen Amurriok, demokrazioaren “izaera patriarkala” agerian uzteko eta estatugintzan zaintza sistema publikoa “lehen lerroan” kokatzeko.
Halere, Amurrioren aburuz oraindik asko geratzen da egiteko: “Genero estereotipo tradizionalak oraindik erdigunean dituzten egitura sozial, politiko kultural eta ekonomikoak dira nazioak”.