Feminismo romaniaren eskola abian da

  • Proiektuak Errumania, Portugal eta Espainiako Estatuko emakume ijitoak barne hartzen ditu.


2018ko maiatzaren 24an - 12:37

Aniztasunaren aldeko Emakume Ijitoen Elkartea (AGFD, Asociación Gitanas Feministas por la Diversidad) buru duen “Aniztasunean Jendarteratzeko Eskolak: Hezkuntza ez formalaren bidezko emakume ijito gazteen jendarteratzea” proiektuaren antolaketa lanak abian dira. Europa mailako proiektu honen helburu nagusia lehen eskola romania sortzea da, zeinaren bidez emakume ijito gazteen jendarteratzea bilatzea espero den.

Proiektuak bi ekintza lerro nagusi izango ditu: web-orria alde batetik eta material didaktikoa bestetik. Materialarekin memoria historiko feminista eta ijitoa eratzea, baloratzea, aitortzea eta ikusaraztea bilatuko da.

Proiektuak barnebiltzen dituen emakumeak, euren herrialdearen arabera, oso testuinguru ezberdinak bizi dituzte. Errumanian, adibidez, Europako beste herrialde askotan baino indar handiagoa du feminismo ijitoak, nahiz eta mugimendu feministaren babesa besterik ez duen komunitate ijitoarenganako arrazismoa hain hedatuta egotearen ondorioz. Ijitoak ez diren feministak beraien agenda inposatu gabe batu ohi dira emakume ijitoen borroketara, ijitoen aurkako jarrerak zapalkuntza patriarkalaren parte direnez gero elkarrekin borrokatu behar dutela ulertuz. Instituzioetatik at dagoen feminismoa da bertakoa.

Errumaniako Amare Rromentza-ko (“gure jendea” euskarara ekarrita) militanteek ijito familientzako babes talde ez-mistoa eta eskola elebiduna dituzte martxan. Eta euren elkarteak arrakasta izan badu errumaniera eta romaniera (ijito hizkuntza) uztartzen dituen eskolarengatik izan dela azaltzen dute. Izan ere, eskola elebiduna behar beharrezkoa dute Errumaniako hainbat familia tradizionalek, romaniera soilik jakiteagatik eskola uztera bultzatuak ikusten baitira sarri. Hezkuntza elebidunak eskolan jarraitzea ahalbidetzen die.

Errumaniako Gobernuarekin adostasunera heldu dira: eskola elebidun honetako irakasleak emakumeak izan behar dira eta romaniera izan behar dute ama-hizkuntza. Ijitoak izan behar dira, alegia. Egun, 76 emakume ijitok eta 3 gizonezko ijitok osatzen dute programa, eta Hezkuntza Ministerioak kontratatzen ditu.

Feminismo ijitoaren egoera beste herrialdeen aldean osasuntsua izan arren, ijito esklabutzak eragindako autoestimu etniko arazoaren aurrean beharrezkoa dute feminismo romaniaren eskola proiektua Errumanian ere.

Proiektuaren parte diren Portugal eta Espainiako ijitoek euren egoeraren berri ematerakoan, Errumaniako ijitoen kontrara, mugimendu feministaren babes hori faltan botatzen dutela adierazi dute. Espainiako proiektuko kideek ijitoak ez diren zenbait feministek borroka feminista zatitzea egotzi izan dietela azpimarratzen dute, eta ijitoen esparruko GKE nagusia den Ijitoen Idazkaritza Fundazioan erabakimena ijito ez direnek daukatela salatu. Portugaldarren, beraien aldetik, feminismo ijitoari esker aktibismo ijitoa oso osasuntsu dagoela azpimarratu arren, ijitoen kontrako jarrerak gainontzeko arrazismoak baino munta handiagoa duela eta babes feministarik ez daukatela salatu dute.

Feminismo romaniaren eskola proiektu honek Euskal Herriko komunitate ijitoa - momentuz behintzat - bere baitan hartzen ez badu ere, ezin aipatu gabe utzi Amuge, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea. Formazioaren aldeko apustu irmoarekin eta ijito komunitatea indartu asmoz orain hamabost urte sortutako elkarteak emakume ijitoen ahalduntzea baitauka ardatz indartsu moduan. Esan daiteke beraz europear mailako proiektuaren parte ez izan arren helburu antzerakoei jarraiki ari direla lanean. Europar proiektuak barnebiltzen dituen herrialdeen arteko testuinguruei dagokienez dagoen alde nabarmena bistara eta Euskal Herrian zein eredu jarraitu geure esku dagoela kontutan izanda, payoon lana behar luke izan jasotzen duten babesaren gainean esateko daukatenari arreta jartzea.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude