argia.eus
INPRIMATU
Felix Goia Urbieta bigarrengoz desagerraraziko 80 urte beranduago?
  • Felix Goia Urbietaren gorpuaren bila dabiltza bere biloba eta birbilobak... 80 urte beranduago. Gaurko egunez 1936an desagertutako gizonaren eskela-dei berezia azaldu da gaur Berria-n, Gara-n eta Noticias taldeko Nafarroako eta Gipuzkoako edizioetan, salatuz agintari eta administrazioek ez dietela beren senidearen argibiderik ematen eta telefono eta posta helbide bat eskainiz haren arrastorik eduki dezaketen herritarrei.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko azaroaren 15

Familiak kontatu duenez eta Sartagudako Memoria Parkeak bilduta daukanez, Felix Goia 1936 irailean hartu zuten preso Francoren armadaren lan zikina egiten zuten erreketeek, Tolosatik Donostia aldera Irura eta Amasa-Villabona artean dagoen Laskibar hotelaren inguruan. Hilabete gutxi lehenago Nafarroako Eulaten, gerra aurretik, erreketeek bahitua eduki zuten gizona bere sorterria zuen Oiartzunera zihoan eramateko moduko altzari bakanak gurdian hartuta familia osoarekin, Martina Ruiz de Galarreta eta sei seme-alaba, zaharrena 16 urtekoa, gazteena 4koa.

Beste herritar asko bezala Ondarretako espetxe famatura eramana, haren azken arrastoa gaurko egunez utzi zuten bahitzaileek: 1936ko azaroaren 15ean adierazi zioten emazteari senarra "aske" utzi zutela Ramiro Llamas del Toro komandante eta epaile bereziaren eskuetan uzteko. Batean eta bestean urte luzez aztarrika jardun ostean, familiak uste du Oiartzunen bertan fusilatuko zutela. Baina inork ez die haren patuaren berri eman gaurdaino. Gaur plazaratutako eskela bukatu dute salatuz hura desagertuz geroztik 29.200 egun beranduago inongo agintari ez administraziok ez diela laguntzen senidearen bilaketan eta herritarrei zabaltzen dizkiete haren aztarnak bidaltzeko telefonoa eta helbide elektronikoa.

Eskela agertu da Berria-n, Gara-n eta Noticias taldearen Nafarroako eta Gipuzkoako edizioetan, ez ordea Diario Vascon. Iragarkia plazaratzeko gestioak egin dituen Felix Goiaren bilobak salatu du egunkari horretatik jakinarazi diote ez dutela argitaratuko, ez eskelen atalean ezta publizitate bezala ere.

2012ko azaroan Eulaten oroitarria ipini ziotela eta, Hernaniko Kronikak bildu zituen Felix Goiaren historia eta haren alargun eta seme- alabek ondoko urteetan pasatu behar izan zuten gurutzebidea.