argia.eus
INPRIMATU
Los Domingos
Fede kristauari begirada bat (eta kritika bi)
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 22a

Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak zuzendu duen filma hautagai indartsua da sarien lehiarako. Eder bezain irrigarri kokatu du istorioa: tradizio kristauko familian, zeinean hiru alabak kristau eskolara joaten diren, zaharrenak, 17 urteko Ainarak, moja sartzeko bokazioa azalduko du. Oro har, esango genuke, familia ez dagoela ados. Baina gris ugari daude tartean.

Hauexek dira etxean topatuko dituen erreakzioak: ama hil zitzaien aspaldi, beraz, bere ahotsik ez dago presente; aitak ez du gatazkan sartzeko asmorik agertuko, halakoxea delako; izebak jaunartzea egin zuen baina jarrera ateoa du; osabak, izebaren senarrak, fede kristaua irriz hartzen du; eta azkenik, amonak, duen adina eta eraiki duen familia eredua nolakoa den aintzat hartuta, liberal postura du eta ez dago biloba moja sartzearen alde.

Mojen "ama" Nagore Aranburuk antzeztu du. Eta nola dagoen Aranburu rol horretan, biziki fresko, indartsu, sineskor. Ainararen izebarena, berriz, Patricia Lopez Arnaizek egiten du. Bera ere bereziki ongi aritu da paperean. Gidoia iruditu zait izugarri ona, harritzeko modukoa, sinopsia leituta soilik espero daitekeena baino askoz ere hobea. Txalo zaparrada galanta jaso dut filmak goizean goizeko prentsa pasean. Merezita. Kristautasuna ez du barregarri ipini, ezta ateoa izatea ere. Posizionatzen da, baina errespetua adierazten du bi aldeekiko eta estimatzen da. Eta oro har, istorioa ardazten duen dramaren gainetik, badira umore ateraldi esanguratsuak.

Kritikarako bi puntu ditut aipatzeko Euskal Herriari lotuta. Lehena, euskara. Ez nau harritu egia esan. Euskaraz entzun den bakarra "agur" izan da, eta koruak amaieran abestu duen Aitormena kantua. Ez gehiago, oker ez banago; pertsonaien izen batzuk baino ez dira euskaldunak. Tira, esan dut ez nauela harritu, Ruiz de Azuaren lanek horretara ohitu gaituztelako. Begira Querer telesailean, bere aurreko lanean, Nagore Aranburu eta Loreto Mauleon nola entzun genituen gaztelania jatorrean solasean, abokatu eta bezero roletan. 

Querer bezalaxe, Los Domingos ere Bilbon kokatu du. Edo hobe esanda, Bilbon grabatu du. Zeren izan zitekeen Valladolid lasai asko. Ez du batere presentziarik hiriak, ez bada atzeko planoan ageri dela. Gauza bera mojen konbentuarekin: kanpoaldeko lokalizazioak Gernikako juntetxekoak direla iruditu zait, eta hor ere ez da ezer bereizgarririk ageri.

"Euskal zinea" dela diote han-hemen, baina bi puntu horietan huts eginda, batez ere hizkuntzaren hautuan, ez dakit norentzat den hau "euskal zinea".