FCCk Lemoan duen lantegia saldu dio CRH zementugile irlandarrari. Akordioa kromo aldaketa batean datza: CRHk Cementos Lemonako partaidetzaren ia %100 eskuratuko luke, honek Uniland-en duen partaidetza (%26) uztearen truke. Langileek nagusi berriarekin harremana lehenbailehen izan nahi dute euren lanpostuen etorkizunaz hitz egiteko.
Cementos Lemonako 245 langileek duela egun gutxi jakin zuten behin betiko akordioaren berri. Lantaldea greba mugagabean dago iazko abenduaren 5az geroztik, enpresak 23 kaleratze eta 11 aurrejubilazio ekarriko lituzkeen EEEa aurkeztu baitu. Erabakia auzitara eraman zuen enpresa batzordeak eta Espainiako Auzitegi Nazionalean dago momentu honetan.
FCCren estrategia berria
Portland Valderrivas taldeak lau lantegi zituen orain arte, bi Euskal Herrian (Olatzagutikoa eta Lemoakoa) eta beste bi Espainian. Lemoako lantegia saltzeko erabakia FCCk hartu du, Portland Valderrivas kontrolatzen duen Koplowitztarren konpainiak. FCCk estrategia berria abiarazi du, krisi ekonomikoak gogor jo baitu Espainian dituen eraikuntza negozioetan eta balantzeak orekatu nahi ditu. Horretarako aktiboak murriztu eta filialak saltzeari ekin dio, horren baitan koka liteke Cementos Lemonako salmenta.
FCCren intentzioa da nazioartean indartzea, Juan Bejar kontseilari delegatuaren esanetan “talde globala” bihurtzea. CRHrekin egindako akordioak ahalbidetuko dio Unilandek hainbat herrialdetan dituen lantegiak eskuratzea.
Bestalde, azkenaldian martxan jarritako hainbat negozio-lerrotan atzera egingo du FCCk, tartean energiarekin loturikoak. Beste batzuk, berriz, mantendu egingo ditu, hiri zerbitzuak adibidez. Ikusteko dago horrek guztiak Olatzagutiko porlan fabrikan hondakinak erretzeko planari eragingo ote dion.