Espainiako Auzitegi Nazionalak ustelkeria eta zuritze delituak egotzi dizkio FCC eraikuntza enpresari, 2009 eta 2015 urteen artean esleitutako bi metro linearen eta Osasun Hiriaren proiektuekin lotuta.
Ismael Moreno epaileak legez kanpoko komisioak ordaintzeagatik inputatu du Espainiako enpresa. Obrak hari esleituak izan zitezen, komisiotan 82 milioi euro ordaintzea leporatu dio.
Epailearen ustez, konpainiak "gainkostuak" eragin zituen altzairu-horniduraren kontratuetan aipatu proiektuetarako, eta funts horiek "ustezko ustelkeria-ordainketetara bideratu ziren". Ezkutuko ordainketen bidez "legez kanpoko irabaziak" ordaintzea zen helburua, besteak beste arduradun politikoei eta enplegatu publikoei.
Pantaila-sozietateak
Ikerketa 2017an hasi zen Odebrecht multinazional brasildarraren aholkulari juridiko baten aurkako kereila baten ondorioz, 2009 eta 2015 artean dirua zuritu eta funtzionarioak erosi izanarekin lotuta. "Enpresa hori Espainiako pantaila-sozietateez baliatu zen, hainbat eraikuntza enpresetatik eratorritako diru-kopuruak –eroskeria kasuekin lotuak– zuritzeko, esleipenen truke", dio autoak.
Ustelkeriaren Aurkako Batzordeak epaileari azaldu zionez, hiru merkataritza-sozietateek partzuergo bat ezarri zuten Odebrecht multinazionalarekin, Panaman obrak egiteko lehiaketan parte hartzeko. Zantzuen arabera, bi kontratazioetan parte hartu zutenek (FCCko goi-zuzendariak eta Odebrechteko langileak) ustelkeria-eskema errepikatua diseinatu zuten: metroa eraikitzeko beharrezkoa den altzairu-hornidura "handiagotu" eta benetako prezioaren bikoitza fakturatu zuten.
Auzitegi Nazionalak azaldu duenez, dirua desbideratzeko pantaila-sozietateak administratzen zituzten pertsonek epaitegian deklaratu dute dagoeneko, nazioarteko transakzioetan ustelkeria delituak eta dirua zuritzea egotzita. Pantaila-sozietate horiek Global Quality Steel eta Scees Steel dira, eta haien administratzaileak, Javier Ayora, Eduardo Trijueque eta Sasa Arsic.