argia.eus
INPRIMATU
Faxisten izenak hildako biktimen zerrendetan mantenduko ditu Gogorak
  • Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose sailburuak erantzun du ez dutela halakorik egingo, zerrendak "araudia betetzen" duelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko martxoaren 19a
Ekkehard Hefter Kondor Legioko abiadore naziaren segizioa Gasteizen, 1936ko irailaren 29an. Istripu baten ondorioz hil zen, eta ohorezko hiletak jaso zituen agintari kolpisten eskutik. Bere izena ere Gogoraren zerrendetan ageri da. 'Historia Militar' / Gasteizko Udal Artxiboa

Gogorak ez ditu kenduko bere txostenetik faxisten aldean borrokatu eta hil zirenen izenak, talde memorialistek kentzeko eskatu duten arren. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria San Josek esan du zerrendak "aplikatu beharreko araudiari erantzuten" diola eta Memoria Demokratikoaren legea betetzen duela.

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzun dio sailburuak. Bere esanetan, Gogoraren webgunean jasotzen diren zerrendek alde bateko zein besteko hildakoak "diskriminatzeko" aukera ematen dute eta, hildako bakoitzaren fitxan "diziplina historikoaren araberako kalifikazioa" jasotzen da. Hortaz, San Josek esan du Gogorak ez duela bere datu-basean "aldaketarik aurreikusten".

Aitzitik, Intxorta 1937 elkarteak hedabide honetara bidali duen ohar batean gezurtatu egin ditu sailburuaren hitzak. Kolpistek Debagoienan hildako biktima batzuen argazkiak jarri ditu froga moduan; errepublikarrek eragindako hildako biktimekin nahasita daudela dio: "Guretzat hau frankismoaren biktimak iraintzea da". Haien senideek irudiak webgunetik kentzeko exijitu diote Gogorari.

Abiadore faxistak eta errekete "kuneteroak"

Intxorta 1937k otsailean salatu zuen Gerra Zibileko hildakoak Euskadin txostenean faxisten izenak agertzen direla. "Kontraste historiografiko" bat egin ondoren, 1936ko Gerran matxinatuen aldean hildakoen artean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" daudela ikusi zuen. Horietako asko "euskal probintzien konkistan" parte hartzeagatik goraipatu zituen frankismoak.

Intxorta 1937 Elkarteko kideen agerraldia. Faxisten izenak Gogoraren txostenean agertzea "akats larritzat" jo dute. Intxorta 1937

Hainbat adibide jarri zituen: Ekkard Hefter hegazkin-pilotu naziaren kasua, Mussolinik bidalitako dozenaka abiadore faxisten fitxak, edota Nafarroan "kunetero" edo hiltzaile bezala ezagun egin ziren erreketeenak.

Gainera, zerrenda berean, parez pare daude matxinatuen aldean borrokatzera derrigortu eta frontean hildako herritar askoren izenak: "Haietako batzuek aurre egin zioten kolpe militarrari, eta, preso hartu eta gero, behartu zituzten matxinoen bandoan borrokatzera", azaldu zuen talde memorialistak; hildako haietako batzuen senideak ere izan ziren agerraldian, euren harridura adierazteko.

Zerrenda berean, faxisten parez pare daude matxinatuen aldean borrokatzera derrigortu eta frontean hildako herritar askoren izenak: "Haietako batzuek aurre egin zioten kolpe militarrari, eta, preso hartu eta gero, behartu zituzten matxinoen bandoan borrokatzera"

Oroibidea eredu

Intxorta 1937ren ustez "akats historiko larria" da faxisten izenak zerrendan agertzea, eta, Nafarroan Oroibidearekin hartutako jarrerari erreparatzeko eskatu zuten. Memoria historikoko plataforma publiko horrek ez ditu bere webgunean frankisten izenak aintzat hartzen, Nafarroako Parlamentuak hala erabakita. Hain zuzen, lan horri aitortza egin genion 2025eko Argia Sarietan, Interneteko saria eskuratu baitzuen web orrialdeak.

EH Bilduko legebiltzarkide Eraitz Saez de Egilazek Jaurlaritzako sailburuari galdetu dio ea bat datorren Oroibidea dela-eta "Nafarroako erakundeek hartu duten jarrera eta asmoekin". Baina San Josek bere erantzunean ez du Oroibidearen inguruko aipamen zehatzik egiten, eta soilik esaten du Gogoraren txostena "ikerketa-lan sakon baten emaitza izateaz gain", Zuzendaritza Kontseiluko kideen "adostasunaren emaitza" izan dela.

Zentzu horretan, Intxorta 1937k esan du euren ustez ikerlariei ez zitzaiela behar besteko denbora eman "lan sakon" hori egiteko, eta horregatik, ez direla "gaia urteetan landu" duten talde memorialistekin "eta gutxiago biktimen senideekin" harremanetan jarri, ikerketa aurrera eramateko.