argia.eus
INPRIMATU
Erreakzioak
Jaurlaritza: “Irudietan argi ikusten da talde antolatu bat dagoela atzean”
  • Igandean Falange talde faxistak kontzentrazioa deitu zuen Gasteizen Hispanitate eguna ospatzeko, eta aurkako mobilizazioa deitu zuten talde antifaxistek. Hemeretzi pertsona atxilotu zituzten, denak ere antifaxistak. Piztutako istiluek erreakzio ugari sortu dute.

Beñat Badiola Etxeberria Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urriaren 13a
Arabako Alea

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Ricardo Ituartek lehenik, igande gauean, istiluak gertakari larritzat jo zituen: "Bizikidetzaren aurka doaz, eta gure gizartean ez dute lekurik”. Zaku berdinean sartu zituen eskuin muturreko militanteak eta ezkerreko antifaxistak: "Zoritxarrez, faxista talde batek deitutako elkarretaratzeak euskal faxisten erantzuna jaso du". Elkartasuna helarazi zien zauritutako ertzainei eta istiluen eraginez "kalteturik" atera diren pertsonei.

Astelehen arratsean, Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak berretsi egin zituen Ituarteren hitzak, eta ñabardura berria gehitu zion auziari: "talde antolatua" dela iradoki zuen, ekintzak "aurrez ondo prestatuak" zituztelako, eta mobilizatu zirenak ez zirelako gasteiztarrak edo arabarrak soilik. Izan ere, atxilo harturiko pertsonak Euskal Herri osokoak ziren.

EH Bildu, bi komunikatutan

Lehenik, igandean, Gasteizko EH Bilduk salatu zuen Falangeak ez lukeela baimenik eduki behar elkarretaratzea egiteko, "faxisten ideologiak eta sinbolo antidemokratikoak" kaleetan ez dutela egon behar arrazoituta. Hala ere, talde antifaxistei falangearen “probokazioa elikatzea” egotzi zien, eta ondorioak hiritarrek, saltokiek zein ostalariek “ordaintzen” dituztela nabarmendu zuen. Faxismoaren aurrean “gehiengo zabalak eta mobilizazio masiboak” antolatu beharra dagoela adierazi zuen. 

Astelehen goizean, nazio mailako EH Bilduk errepikatu zuen Falangearen elkarretaratzea ez zela baimendu behar, eta hori baimentzearen ardura EAJrena eta PSE-EErena dela. Adierazpen horietan ez zen aipatzen Falangearen aurka antolatutako mobilizazio antifaxista. Horrez gain, EH Bilduk fokua ipini zuen Ituarte sailburuordearen adierazpenetan, "faxista" eta "euskal faxista" terminoak erabiltzeagatik: "onartezinak eta zuhurtziarik gabeak eta lekuz kanpokoak" direla esan zuen EH Bilduk.

EAJ eta PSE-EE

EAJren buruzagitzak "onartezintzat" eta "oso kezkagarritzat" jo ditu Gasteizko gertakariak, eta Zupiriaren ildoari jarraikiz, gertakarien "erantzule bakarrak" Gasteizko kaleetan "indarkeria erabili zutenak" dira. Hau da, "Falangea eta elkarretaratzeak deitu zituzten talde erradikalak". 

Xextra politikoan, EH Bilduri zuzendu zaio EAJ: "Beste behin, begirada desbideratu nahian aritu da, indarkeria gaitzesteari uko eginda". Era berean, "argitzeko" eskatu dio koalizio subiranistari bere jarrera, "ea kaleratutako bi komunikatuetatik zeinek erantzuten dion". 

"Biolentzia ororen kontrako" jarrerari eutsi dio Maite Etxebarria PSEko Gasteizko alkateak. "Nire gaitzespena eta gaitzespena hiriaren erdigunean izan diren istiluen aurrean. Diskurtso erradikalek sortzen dutenaren beste froga bat: gorrotoa eta indarkeria. Jarrera horiek ez dute lekurik gure hirian". Poliziari esker ona adierazi dio.

Ertzain "gutxi"

Ertzaintzaren sindikatuei dagokienez, Segurtasun Sailaren esanetan istiluetan zauritu zituzten hogei ertzainei babesa adierazi diete.

Horrez gain, Euspel eta Esan sindikatuek ertzain kopurua areagotzea eskatu dute, "gutxienez" 9.000 izan arte. "Talde erradikalak" aipatu ditu oharrean Esan-ek: "Talde erradikal batzuek kaosa eragiten eta agenteen eta herritarren segurtasuna arriskua jartzen duten bitartean, Jaurlaritzak beste aldera begiratzen du, eta Ertzaintzaren ehunka plaza bete gabe daude".

Erne eta Sipe sindikatuak, bakoitzak beraien aldetik, dimisioak eskatu dituzte: Ertzaintzaren buru Josu Bujanda eta Herritarren Babeserako Dibisioko Alfonso Garaikoetxearen izenak aipatu dituzte. Polizia operatiboa "negargarria" izan zela dio Ernek, eta Sipek, berriz, "antolakuntza hondamendi berri bat" ikusi zela.