argia.eus
INPRIMATU
"Faxismoaren gorakada" aztertuko dute Gasteizko Errekaleor auzoan egingo den jardunaldi batean
  • Ostegunean hasita eta larunbatera bitartean "faxismoaren gorakada" aztertuko dute Errekaleorren, Euskal Herriko Sare Antifaxistak antolatuta.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko apirilaren 04a

Gaiari buruz "erantzun erreal" bat eskaintzeko asmoa izan dute antolatzaileek. "Jakin badakigu ez dela orain berriki sortu den arazo bat". Historiara begira, faxismoaren adierazpenik argiena Hitlerren, Mussoliniren edota Francoren erregimenak izan direla gogorarazi dute, baina aldarrikatu dute horiek "icebergaren tontorra" besterik ez direla.

Faxismoa "kapitalaren interes eta momentuko beharrizanei erantzuten dien mugimendu eta estrategia bezala" ulertzen dutela gaineratu dute herri mugimenduko kideek. "Kapitalak garaiz identifikatu ez diren mekanismoak martxan jartzen ditu muturreko egoera horretara iritsi baino lehen".

Besteak beste, zinema proiekzioak, autodefentsa ikastaroak, hitzaldiak, eztabaidak eta musika egongo dira jardunaldien harira.

"Oso garrantzitsua iruditzen zaigu, klase kontzientzia oinarri, egungo testuinguruan sortzen ari diren mugimenduak aztertzea, gure artean esperientziak partekatzea, eta eztabaidatzeko espazio formalak zein informalak sortzen hastea", gaineratu dute.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.