Larunbatean 16:00etatik aurrera Hablamos Español plataformak Bilboko Plaza Biribilean euskararen kontrako sinadurak jaso nahi dituela jakin du ARGIAk, Bilboko Udaleko iturrietatik. Leku eta ordu berean kontzentrazioa deituz kartel bat zabaltzen ari dira.
"Bihar Hablamos Español plataforma glotozidak mahaia jarriko du Bilbon, plaza Biribilean 16:00etan. Hori dela eta elkarretaratzea egingo dugu euskaltzaleok. Hitzordua: 16:00etan Plaza biribileko Turismo bulegoaren parean. Espainiar inposatzaileak ez zarete ongi etorriak euskararen herrian!".
Hablamos Español Espainiako estatu osoan gaztelania hizkuntzaren alde lobby lana egiten duen herritar talde bat da. Batez ere, beste hizkuntza gutxituak dauden lekuetan, gaztelaniaz mintzatzera deitzen ditu herritarrak Pidelo en Español gisako kanpainekin, eta beste hizkuntzek espazioak irabazten badituzte, salaketak jartzera animatzen ditu.
Euskaraldia-ren aurka publikoki posizionatu zen, artikulu honetan ikus daitekeen moduan. Gasteizen D ereduan ikasten zuen Leongo neskatila baten kasuarekin ere kanpaina egin zuten euskarazko irakaskuntzaren aurka.
Azken urteetan Katalunian "haurren doktrinamendua" salatzeko kanpaina betean dabil eta espainiar nazionalismoak deitzen dituen manifestazioekin bat egiten du, adibidez, igande honetan Bartzelonan egin behar dutenera joatekoak dira.
Bilboko deialdia publikoki egin ez badute ere, ARGIAk jakin duenez, Bilboko Udalean baimenak eskatu dituzte sinadura bilketa egiteko eta Udalak eman egin die.