argia.eus
INPRIMATU
Lehen akordioa lortu dute FARCek eta Kolonbiako Gobernuak: Lurra
  • FARC gerrillaren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake negoziazioen lehendabiziko puntua da nekazaritza-erreforma. Bi aldeek eta nazioarteko ordezkariek txalotu dute lurrari buruzko akordioa lortu izana.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 27a
Bake prozesuaren sei puntuetako lehenengoa da nekazal-erreformari buruzkoa. (Argazkia: Colombia.com)

Gobernuko eta FARCeko ordezkariek plazaratu eta Rebelion agerkariak bere webgunean paratu duen agirian irakurri daitekeenez, sei punturen gaineko akordioa adostu dute: Lurraren erabilera, Garapen programak, Azpiegiturak, Gizarte garapena (osasuna, ur edangarria, hezkuntza eta etxebizitza; eta pobrezia errotik kentzea), Ekonomia solidario eta kooperatiboa, eta Elikadura politika.

Bi aldeek diotenez, Kolonbiako nekazal-errealitatean "muturreko aldaketak" eragingo ditu akordioak. Helburutzat du lur-sailik ez duten edo nahikoa lurrik ez daukaten herritar ahalik eta gehienek lur-saila izan dezaten lortzea. Bakerako Lurren Funtsa sortuko dute horretarako.

Besteak beste, nekazal katastroa eguneratzeko konpromisoa hartu dute, segurtasun juridikoa eta informazioaren zabalpen eraginkorragoa bilatze aldera. Halaber, "etorkizuneko belaunaldiak kontuan hartuta", nekazal ustiaketari mugak ezartzea erabaki dute, ingurumen interes berezia duten eremuak babesteko.

Bake negozioazioen lehen puntuaren ingurko akordioa lortuta, ekainaren 11n helduko diote gainerako bost puntuak lantzeari, Habanan egiten ari diren elkarrizketetan.

Hain justu, Kubaren eta Norvegiaren esku hartzea eskertu dute FARCek eta Kolonbiako Gobernuak, "prozesuaren bermatzaileak" diren heinean. "Prozesua laguntzen ari diren" Txile eta Venezuelaren lana ere nabarmendu dute. Nicolas Maduro eta Evo Morales Venezuela eta Boliviako presidenteek "historikotzat" jo dute akordioa.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere elkarrizketa prozesua txalotu eta bere bitartekaritza eskaini du.