Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek bake akordioaren inguruan erreferenduma egiteko lege aldaketa bat egingo zuela esan ostean gerrillak negoziazio mahaitik altxatzea erabaki zuen aurreko Ostiralean.
Orduan Santosek Kolonbiara itzultzeko agindu zion gobernuaren ordezkaritzari, “etenak egitea edo erabakiak hartzen dituena ez da FARC” adieraziz. Tentsioa nagusi den testuinguru honetan berrartuko dituzte elkarrizketak gaur Habanan.
FARCeko zuzendaritzako kide den Rodrigo Londoño Echeverri Timochenkok gogor kritikatu zuen Santos presidentea, esanez, egin nahi zuen erreferendumaren atzean bere hauteskunde aspirazio pertsonalak zeudela. Galdeketa, hauteskunde egunez egiteko Santosen asmoa, ez dela ematen duen bezain argia ohartarazi zuen Londoñok, “hori ez litzateke akordio bat izango”.
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek azaroaren 19an ekin zioten bake negoziazioei Habanan. Guztira bost puntu dituzte lantzeko bi aldeek. Nekazaritza eta lur banaketaren inguruko puntua adostu ostean, parte hartze politikoa, narkotrafikoa, biktimen minaren aitormena eta gatazkaren amaieraren inguruan oinarriak jarri eta adostasunak lortzeko asmoa azaldu dute bi aldeek, Kolonbiako gatazkarekin behin betiko amaitzeko.