FARC-EP eta Kolonbiako Gobernua bildu dira Habanako akordioa berpizteko

  • Kolonbiako Gobernua eta FARC-EP gerrilla Cartagenan bildu dira asteburuan. Bake akordioa sinatu eta ehun egunetara, adostutakoaren inplementazioa gaizki eta berandu egiten ari direla jabetzean, konpromisoak hartu dituzte prozesua bizkortzeko.

Lukas Barandiaran San Roman
2017ko martxoaren 28a
Gobernuaren ordezkariak eta Rodrigo Londo˝o \'Timochenko\' (eskuinean). (Arg.: Rodrigo Londo˝oren twitterretik hartua)

Hasierako distira joan da, eta Habanan adostutakoa gauzatzeko zailtasunak, kontrakotasunak eta konpromiso falta azaleratu dira. Komunikabideen kamerak itzaltzean, Gobernuaren, politikarien, eta gizartearen utzikeria eta axolagabekeria handituz joan dira.

Egoerari buelta eman eta inplementazioa berpizteko Karibeko hirian bildu dira bi aldeen ordezkariak. Gobernuaren aldetik barne ministroa eta beste goi mandatari ugari izan dira Jesús Santrich, Ivan Marquez eta Rodrigo Londoño ‘Timochenko’ gerrillako buruekin. Juan Manuel Santos lehendakaria ere une batez bildu da gerrillako ordezkariekin.

Inplementazioa Jarraitzeko, Bultzatzeko eta Egiaztatzeko Batzordean bildu dira bi aldeak. Habanako Bake Akordioaren balorazioa egin dute, ahulguneak identifikatu, eta akordioa gauzatzen jarraitu eta azkartzeko hurrengo urratsak adostu dituzte. Ondorengoa konpromisoak hartu dituzte.

Konpromisoak

Apirilean Gobernuak zenbait lege proposamen aurkeztuko ditu Kongresuan. Nekazal erreforma aurreratzeko, Egiaren Batzordea eratu eta Desagertutakoen Bilaketa Unitatea sortzeko balioko dute lege horiek. Halaber, akordioaren inplementazioa bermatzeko Itun Politiko Nazional bat adostu nahi du Gobernuak. 2018an dira lehendakaritzarako hauteskundeak, eta baliteke Santosen ondorengoak ez izatea gogoko akordioa.

Egun ere ez dauka babes handirik akordioak. Bakerako Jurisdikzio Berezia onartu zuten orain dela gutxi Kongresuan, eta ustez han Gobernuak gehiengo zabala duen arren, boto juxtuekin onartu zuten. Desmobilizazio prozesuari buruzko eztabaidak egin dituztenean, kongresisten hutsune handiak izan dira hilabeteotan.

Gobernuaren esanetan, apirilean ere amaituko ditu eraikitzen FARC-EPko gerrillariak desmobilizatzen ari diren guneak. Desmobilizatuek jada bi hilabete daramatzate gune horietan baldintza kaskarretan.

Gerrillak berriz, bere kide guztien zerrenda emateko konpromisoa hartu du, baita hirietako miliziano klandestinoenak ere.

Bi aldeek armagabetzearen kronograma berretsi dute, hor ere atzerapenak izan baitira. Leku askotan Gobernuak ez ditu armagabetzerako beharrezkoak diren azpiegiturak eraiki. Hala, prozesu hori ekainaren erdialdera arte luzatuko da.

Kanal honetan artxibatua: Kolonbiako bake prozesua

Kolonbiako bake prozesua kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-11 | Xuban Zubiria
"Multinazionalek ahal duten guztia egingo dute bake akordioa bete ez dadin"

SAT sindikatuak gonbidatuta bi hilabete igaro ditu Luis Plaza Velez sindikalista eta irakasle kolonbiarrak Espainiako Estatuko sindikalismoa aztertzen. Euskal Herrira egindako bisita baliatu dugu Kolonbiaren gaurkotasunaz galdetzeko.


Erresistentzia martxa koloretsua

Kolonbiako herri indigenetako milaka lagunek “lurraldea, bizitza eta herrien duintasuna” aldarrikatu dute Jamunditik Calirainoko martxan. Gobernuaren eta FARC-en arteko akordioaz geroztik 180 herritar indigena hil dituztela eta herri indigenen aurkako giza eskubideen urraketa etengabea dela salatu dute ondorengo komunitateetako kideek: Guainia, Meta, Guajira, Amazonas, Misak eta Chami. Amalurra defendatu eta babesteagatik beldurtzen, hiltzen edo herrietatik botatzen dituztela salatu... [+]


Hogei egunez luzatu dute FARC-EPren armagabetzea, bake prozesuaren atzerapenagatik

Hiru astez luzatu dute FARC-EPren armagabetze prozesua; maiatzaren 30ean zen amaitzekoa, hasierako akordioaren arabera, baina ekainaren 20ra arte luzatu dute epea. Gobernuak ez ditu bake prozesurako azpiegiturak burutzeko epeak bete, eta atzerapenak eragin ditu.


Kolonbiako Gobernua ez da Habanako bake akordioa betetzen ari

FARC-EP gerrillako buruek, Bogotan egindako prentsaurrekoan, salatu dute Kolonbiako Gobernua ez dela betetzen ari Habanako bake akordioetan adostutakoa. Ez ditu eraiki desmobilizaziorako eta armagabetzeko beharrezko azpiegiturak, eta horrek prozesua atzeratzea eragin du. Gainera, FARC-EPren erretiratzearekin paramilitarren ofentsiba gogortzen ari da, eta gobernuak ezikusiarena egiten du horren aurrean.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude