argia.eus
INPRIMATU
Kolonbiako armadak FARCeko hainbat kide hil arren, elkarrizketek aurrera darraite
  • Kolonbiako armadak FARCeko 20 kide baino gehiago hil ditu herrialdeko hedabideek diotenez. Hildakoen artean legoke “Guillermo Pequeño” ezizenez ezaguna den gerrillako buruzagia, 25 urtez FARCeko kide izandakoa. Ostegunean amaitu zen Kuban Kolonbiako gobernuaren eta FARCen arteko bake elkarrizketen lehen fasea eta asteazkenean helduko diote berriz elkarrizketari.

2012ko abenduaren 3a
Gobernuaren bonbardaketa batean 20 hildako izan dira.

Luis Emilio Cardoso armadako 23. taldeko koronelak baieztatu du 20 pertsona baino gehiago hil dituztela airez eginiko erasoan. Dena den, datua ez da oraindik ofiziala fiskalak ez baititu hildakoak zenbatu. Kolonbiaren eta Ekuadorren arteko mugatik gertu dagoen Ricaurte herria eraso zutela azaldu du Cardosok.

Bake negoziazioei dagokienez, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak gerrillariei epe-muga jarri die akordioa lortzeko. 2013ko azarorako elkarrizketen bidez hitzarmenik lortzen ez bada, Kolonbiako gobernua mahaitik altxako da.

Prozesuak "hilabeteetako kontua" izan behar duela gaineratu du Santosek. FARCek armak utziz gero politikan parte hartu ahalko duela ere adierazi du Santosek, horretarako "beharrezkoak diren ziurtasun guztiak" eskaintzeko prest agertu baita.

Gerrako presoak

Santosen hitzak, FARCen negoziazio taldeko Sandra Ramirezen adierazpenen ondoren etorri dira. Ramirezek adierazi zuen, gerrillak bahituta dauzkan Kolonbiako armadako soldaduak eta poliziak “gerrako presoak” direla. Ramirezen arabera, Kolonbiako Gobernuak 700 gerrillari inguru dauzka kartzelan eta FARCek horien truke askatuko lituzke bahituta dauzkan pertsonak.