Familiako laborantza ospatuko dugu 2014an

  • Heldu den urtean familiako laborantza ospatuko da mundu guzian. Aspaldixkoan ONG askok eskatzen zuten, eta azkenean ONU mundu mailako erakunde nagusiak onartu du 2014-ko urtaldea familiako laborantzarena izanen dela.


2013ko azaroaren 27an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Estakuru ederra izanen da laborantzaren nundik norakoak gogoetatzeko eta aipatzeko, Euskal Herrian, inguruko estatu nagusietan eta baitaere munduko herrialde askotan. (Argazkia: Gaiza Iroz)

"Hauxe ideia berezia" pentsatuko du irakurle askok. Familiak hartzen ari du hain segur inarrosaldi bat ona gure gizartean, bereziki konparatuz duela mende erdi edo gutiago ezagutzen ginuenarekin. Eta familiako laborantza ezagutu dutenek badakite estakuru hortan emaztek, haurrek eta adinetakoek lan frango egiten zutela etxaldetan, batzutan esker guttiren truke, edo gehienetan dohainik. Bestalde badakigu gauregungo laborantza moldetan, familia izenaren aterbean, badaudela etxalde mota guziak, iraunkorrak eta berdin guziz industrialak. Ez da beraz gutarteko guzien gostukoa familiako laborantza ospatzea.

Bizkitartean, estakuru ederra izanen da laborantzaren nundik norakoak gogoetatzeko eta aipatzeko, gure Euskal Herrian, inguruko estatu nagusietan eta baitaere munduko herrialde askotan.

Harrigarria iduri badu ere, munduko jendetzaren %40a familiako laborantza hortarik bizi da. Janarien %70a laborantza molde horrek hornitzen du. Eta, nahiz ez dakigun xuxen zenbat, munduak baitezpadakoa dituen ontasun askoren kudeaketa ere bere esku dauka. Herrialde “aitzinatuetan”, laborariak lekutu badira kanpanietarik hiriei buruz, lanbide emankorragoaren menturan, jakina gaurko mendearen kinka larrian, indartzen ari diren herrialdetako laborariak aldiz nehork ez dituela nihun igurikatzen, hirietan are gutiago. Hasi behar lukete naski azkenean ohartzen. Herri arduradun batzuek laborariak beren ofizioan eta beren tokian atxikitzea dela hoberena. Hiritako langabezia ez da hainbestez emendatzen, baita behar bezala lagunduz geroz, janarigintzan arras emankorrak izan daitezke, eta frangotan inguramenari beste laborantza moldeak baino askoz kalte guttiago egin liokete, lanerako erregaien erabilpenean ere xuhurrago ibili daitezkelarik.

Frantziako estatua aski interesatua agertu da familiako laborantzari ospe berezia agertzeaz, eta heldu den urtean behin eta berriz entzun behar ginuke balentriaka. Alabaina, bere ixtorioari esker, etxalde asko edo gehienak familien esku gelditzen dira Frantzian, bereziki lurraren jabegoa familietan egon baita mendez mende. Ez da aldiz biziki eskolatua izan beharrik ohartzeko familiako laborantza huntan badirela ttipiak eta handiak, arruntak eta gotorrak. Denentzat  ba omen da leku dio ministroak. Oroitarazi beharko zaiolarik biga bostetan gotorrak luzaz hazi direla arruntagoak irentsiz, eta trabatzen ez badira segituko dutela molde berean, familiako laborariak izanik ere.

Gobernukoen asmoa da erakustea laborantza hau, familiakoa, ekonomia modernoari egokitu dela. Kapitala, lanerako lurra ala kabala eta tresna guzia, eta bereziki langilea, denak familiaren esku gelditzen dira; eta askotan indartu ahal izan dira egiazko enpresa bat izan balitz bezala. Horren aldean, emendatzen ari dira zozietateak laborantzan, berdin laborantzaz kanpoko kapitalarekin, eta helburu bakarra daukatelarik mozkina ala irabazia. Laborantzako zozietateen indartze hori mundu guzian hazten ari da zoritxarrez, eta

nola irabazia duen helburu bakar, ezazola da gehienetan inguramenari doazkion arduretan, arrunta eskaintzen dituen ekoizpentan, eskasa erabiltzen dituen langilei buruz, kondenagarria gehienetan harrapaka bereganatzen dituen lur alorren gatik, eta lehertzen dituelako hor bertan betidanik zauden laborari familiak.

Ba gatozkio Euskal Herri huntako familiako laborantzari. Nunbait balin bada etxaldea familiari lotua eta atxikia, ez ote da gure lurralde huntan? Mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, familiak izan dira etxalde guzi hauen eramaile, nagusi eta langile zirelarik etxaldearen jabeak berak, edo etxetiar zirelarik askotan, nagusia lan tresna eta egoitzaren jabe eta etxetiarra langile. Baina berehala, iraganak baino geroak gaitu axolatzen. Familiako laborantza geldituko dela gurea, enpresari eta zozietateena baino nahiago dugu. Aldiz, familiakoa egotekotan, abiatua dugun zoingehiagoka zoro huntan, ni banuk eta hi bahaiz, gero gehiago abere eta gero haundiago aterbe ala tresneria, ez ote gira urrunduko familiako laborantza iraunkorretik? Hautuaren ordua hor daukagu egunez egun.

Familiako laborantza izaten ahal da kapitalista: helburu bakarra mozkina, kantitatea atxikiz indar guzien arrazoina, arduratu gabe auzoaz, lurraz, herriaz eta herritarraz, eta etxaldeen geroaz… Izan baledi hemen laborantza herrikoi eta iraunkorra : ahal den neurri guzian etxaldearen buru laboraria, eta ez bankoa, ala onkailu hazi edo zaldare saltzailea, ala haragia edo esnea erosten dion industria!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-03-11 | ARGIA
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin

Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du... [+]


Eguneraketa berriak daude