EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer egiten". Espainiako Osasun Ministerioaren buru Monica Garciak eskaerari erantzun dio: "Garrantzitsuena familia medikuen lan-baldintzak hobetzea da".
Osakidetzako familia medikuen gabeziaren arazoari aurre egiteko proposamena aurkeztu du Jaurlaritzak. Medikuek borondatez BAMEa lau urtetik hirura murrizteko aukera izatea eskatu du Martínezek: hiru urteko formazio arrunta titulua lortu eta jarraian lanean hasteko. Ondorengo bost urteetan, medikuak aukera luke urte beteko prestakuntza egiteko egoki deritzon arloan. Prestakuntza urte hori, ordaindua izango litzateke eta lan egiten duen bitartean egin ahal izango luke.
"Ezohiko egoera da, eta egoera horrek ezohiko neurriak eskatzen ditu", Martínezen aburuz. Neurriak lau edo bost urtetan medikuen kopurua bikoiztea lortuko lukeela adierazi du Osasun Saileko buruak. Halaber, Frantzia eta Italiako kasuak izan ditu hizpide: "[Herrialde horiekin alderatuz] iruditzen zait sistema zorrotza, hertsia eta zurruna dugula”; herrialde horietan formakuntza urte "gutxiagorekin" lanean hasi ahal badira, "EAEn jada pazienteak ikusten ari den laugarren urteko mediku egoiliar batek ezin du lan egin, ezta azken hilabetean ere, tutoretzarekin ez bada", Martínezek adierazi duenez.
"Gustatuko litzaidake Ministerioak guri ideiaren bat ematea, orain arte ez baitugu bakar bat ere jaso", adierazi du sailburuak, eta salatu du ez dietela "egiten uzten" eta ministeriokoek ez dutela "ezer egiten". Ez da arazoari irtenbidea emateko Jaurlaritzak egiten duen lehenengo proposamena; medikuen erretiro boluntarioa 72 urtera arte atzeratzea proposatu zuen, Naizek ezagutarazi duenez.
Espainiako Osasun Ministerioaren erantzuna
"BAMEa murrizteak kalte egingo lieke arretaren kalitateari, paziente kronikoek jasotzen duten arretari eta Lehen Arretaren modernizazioari" Mónica Garcíaren ustez. Adierazi du Martínezen planteamenduak "espezializaziorik gabeko profesionalak" kontratatzea sustatuko lukeela, eta Lehen Mailako Arreta are gehiago "prekarizatuko" lukeela.
Jaurlaritzak aurkeztutako proposamena "irtenbidea baino arazoaren abiapuntu" dela esan du Garcíak eta gogoratu ddu iaz onartu zela BAME medikuen prestakuntza plana, erkidegoen oniritziarekin. Lehen Mailako Arreta prekarizatu beharrean, "garrantzitsuena familia medikuen lan-baldintzak hobetzea" dela esan dio Martínezi; EITBk jaso duenez.