Hik Hasik Udako Topaketak antolatu ditu hamabigarrenez. Joxe Amiama EHUko irakasle eta familia nahiz irakasleen formatzaileak ikastaroa eman du “Familia eta irakasleriaren arteko harremanak” izenburupean. Berria egunkariak egin dio elkarrizketa, eta bi esparru horien arteko harremanaz dihardu Amiamak hurrengo lerroetan:
"Familia eta eskola sistema ezberdinak dira, antolamendu ezberdina dutenak. Baina helburu oso antzekoa dute: umea heztea eta umea aurrera ateratzea. Historikoki, eskola arduratu da edukiaz: Baina hori aldatzen ari da eta helburu orokorrak beste batzuk dira gaur egun: elkarrekin bizi, norberaren mugak ezagutu, gorputza zaindu... alegia, familiaren helburuak ere badirenak.Horrela, gaur egun familia eta eskola elkarrekin doaz elementu askotan".
Bestalde, haurrek arduratsuak izaten ikas dezaten, etxean ardurak hartzea garrantzitsua dela azpimarratu du adituak, “ikerketek esaten dute etxeko lanak egiten dituzten haurrak direla eskolan ere emaitza hobeak lortzen dituztenak. Eta hori arduren planoa da”.
Egungo familien aniztasuna dela eta, eskolen jarrera pixkanaka aldatzen ari dela azaldu du Amiamak, eta asimilazio lanean fase desberdinak daudela: “Planteamendu berriak plano teorikoan sartzen dira hasieran, gero ontzat ematen dira buruan eta, gero, denbora behar dute praktikara eramateko”.