Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.
2024-2025 ikasturtearen hasieran Doña Álvara Álvarez ikastetxeko familiek behar bezala erregistratu zituzten instantziak hurrengo ikasturteari begira, haien herrian lehenengo aldiz euskarazko hezkuntza lerroa egoteko. Horretarako, Ikasleen Guraso Elkartearen, ikastetxeko zuzendaritzaren eta Faltzeseko Udalaren babesa jasoz gero, azken horrek Nafarroako Gobernuari gutun bat bidaliko zion. Halaxe egin zuten.
Familiek 80/2019 Foru Dekretua hartu zuten erreferentziatzat. Dekretu hartan eskola maparen baitan aldaketak egiteko nondik-norakoak islatzen dira. Gobernuak bere partetik, ikastetxearen espazio falta aipatu du eskaera ezeztatzeko argudio nagusi gisa.
Gurasoek egoera berria ez dela adierazi dute: beste herri askotan gertatu bezala, Nafarroako Gobernuak oztopoak ipintzen dituela diote euskarazko eredua ikastetxe publikoetan zabaltzerako orduan. Gauzak horrela, edonork euskaraz ikasteko eskubidea izan beharko lukeela diote gurasoek.