argia.eus
INPRIMATU
Faltzes eta Funes konfinatuko dituzte gauerdian
  • Neurriak 00:00etatik aurrera jarriko da indarrean, Azkoiengo osasun eremu bereko herri horien koronabirus kasuen ugaritzeari aurre egiteko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko irailaren 29a
Faltzes (Argazkia: Faltzesko Udala)

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, Faltzesko eta Funeseko udalekin harremanetan eta lankidetzan, aparteko neurri sorta bat onartuko du, COVID-19aren hedapena geldiarazteko Azkoiengo oinarrizko osasun eremuko herri horietan. Joan den astetik, neurri horien oso antzeko murrizketak daude indarrean, eta asteazkenean 00:00etatik aurrera, zazpi eguneko iraupenarekin, beste bi udalerri horietan ere aplikatuko dira.

Bi udalerriek azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.000 kasutik gorako intzidentzia metatua dute, baita Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutuaren (ISPLN) erabaki hori eragin duten beste adierazle batzuk ere (kutsatze-kopuruan eta transmisio-mailan izan duten goranzko joera).

Esku hartzeak ordutegiei, edukierei eta taldeen pertsona kopuruari eragiten dieten neurri murriztaileak hartzen ditu, barne eremu publiko eta pribatuetan (ostalaritza, merkataritza, kirola, kultura), baina baita udalerrietako irteerei eta sarrerei eragiten dieten mugak ere, ezinbesteko joan-etorrietarako erreserbatuta baitaude. Neurriak urriaren 6ko 23:59ra arte luzatuko dira, eta epidemiologiaren eta osasunaren bilakaerari buruzko azterketa egin beharko da.

Gaur argitaratuko den foru agindu baten bidez onartuko dituzte. Ildo horretan, Faltzesek –Azkoinen atzetik– hamalau eguneko intzidentzia metatu handiena duen bigarren udalerria da (1.598 kasu 100.000 biztanleko); Funesek, berriz, intzidentzia txikixeagoa du, 1.393 kasu 100.000 biztanleko, baina handia da edonola ere. Inguruabar horrek, eta Faltzes eta Funes Azkoienen eremu berekoak izateak, eragin dute Nafarroako Erriberagoitiko bi herrietan neurriak gogortzea.

Murrizketak eta horiek ez betetzeagatik ezar daitezkeen zehapenak ez ezik, Osasun Departametnuak eta udal agintariek jarduketa bat jarriko dute abian bi udalerrietako herritarrekin eta gizarte eragileekin, eta aldi berean, Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta udaltzaingoek koordinatuko dute mugimendua murriztea eta arauak betetzea bermatuko duen dispositiboa.

Tabernak 22:00ak arte eta sei laguneko taldeak

Nafarroan "normaltasun berrian" oraindik erabili ez diren elementuak jasotzen dituzte neurriek, hala nola, lehenik eta behin, sei pertsonatik gorako taldeen murrizketa –eremu publikoan indarrean dagoena– eremu pribatura hedatzea; eta, bigarrenik, hiriguneko sarrerak eta irteerak mugatzea (ez, ordea, etxebizitzetakoak), lan-betebeharrekin zerikusia duten joan-etorriak salbuetsita. Ostalaritza establezimenduak, %50eko edukierarekin (barnealdean eta terrazetan), 22:00etarako itxi beharko dira, eta sei pertsonatik beherako taldeak dituzten mahaiak bakarrik egon ahal izango da.

Neurri horiek guztiek kontaktuen eta agerraldien tipologiaren azterketa bati erantzuten diote (gehienak gizarte eta familia eremukoak), eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak dagokion jarraipen eta ebaluazio epidemiologikoa egingo du, egin beharreko hurrengo urratsak erabakitzeko.

Zehapen araubideari dagokionez, Foru Aginduak jada indarrean dagoen 9/2020 Foru Lege Dekretura igortzen du; bertan, 3.000 eurorainoko zehapenak jasotzen dira, arinak badira, eta 3.000 eurotik 60.000 eurora bitartekoak larriak badira.