Falcianiren atxiloketa, politikari katalanak estraditatzeko presio neurria?

  • Asko izan dira atxiloketa Kataluniako egoerarekin lotu dutenak, Anna Gabrielen eta Marta Roviraren estradizioetan presio egin nahi duelakoan.


2018ko apirilaren 05an - 11:37

Bost urteko kartzela zigorra ezarri zion bere garaian Suitzako Auzitegi Penalak HSBCko hainbat bezeroren datu pribatuak azaleratzeagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Suitzaren epaia, Espainian delituok zigorrik ez dutela argudiatuta. Bost urte geroago Espainiako Poliziak atxilotu egin du Suitzaren esku uzteko asmoz.

Duela hiru urte munduko zerga iruzurgile aberatsenen zerrenda atera zuen argitara Hervé Falciani informatikari adituak, nazioarteko hainbat hedabiderekin elkarlanean. Suitzako Auzitegi Penalak HSBC bankuko 100.000 bezeroren informazio pribatua zabaldu izana egotzi zion. Akusatua ez zen epaiketan azaldu eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurkako karguak ezerezean utzi zituen delituok Espainiako Estatuan zigor gabeak direla argudiatuta. Ordutik, Espainiako Polizia bere bizkartzain gisa aritu da; berau arduratu da halaber Falciani atxilotzeaz.

Asteazken arratsaldean atzeman zuen Espainiako Poliziak Madrilgo unibertsitate bateko ekitaldi batera zihoala. Eldiario.es-ek jaso duenaren arabera, Auzitegi Gorenak ez zuen atxilotze aginduaren berririk. Espainiako Barne Ministroak argudiatu du Espainiako Poliziak Falciani atxikitzeko nazioarteko agindu bat jaso zuela martxoaren 19an eta ordutik bere bila ibili direla. “Agindua bete baino ez dugu egin”, adierazi du Juan Ignacio Zoido Ministroak.

Espainiak Suitzari eginiko “faborea”

Zeresana eman du Falcianiren atxiloketa zein garaitan gertatu den. Miguel Urban Podemoseko eurodiputatuak, esaterako, informatikaria egun Suitzaren esku uztea Espainiak Vienari egin dion “fabore” gisa uler daitekeela ohartarazi du. “Falcini atxilotuta Espainiak Anna Gabrielen eta Marta Roviraren estradizioetan presio egin nahi du”.

Hainbat eurodiputatuk Bruselari eskatuko diote Falcianiren alde egitea, bere lanari esker diru kantitate esanguratsuak berreskuratu baitituzte Europako zenbait estatuk. Besteak beste, Falcianik Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin kolaboratzeari esker, 300 milioi euro eskuratu zituen 659 iruzurgile fiskal atzemateagatik.

Euskal herritar ugari zerrendan

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berretsi du 2013an ebatzi zela Falciani kasua eta orduko delitu berak leporatzen bazaizkio, kasua bere horretan utziko duela epaiak indarrean jarraitzen duelako.

Mundu mailako pertsona esanguratsuak agertu ziren Falcianiren zerrendan 2015ean, dozenaka euskal herritar tartean. Esateko, 80 gipuzkoarren kasuan Espainiako Zerga Agentziak ikerketa fiskala abiatu zuen pertsona horien aurka. Gehienak enpresariak eta ondasun askoko herritarrak ziren eta ordura arte ez zioten Ogasunari kontu horien berri eman. Ikerketaren ostean denek itzuli zuten zor zuten ezkutuko dirua.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Falciani zerrenda
2018-04-05 | ARGIA
Falciani aske utzi du Espainiako Justiziak, zaintzapean

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Diego de Egea epaileak libre utzi du Herve Falciani, poliziak Madrilen atxilotu eta hurrengo egunean.


2015-03-17 | ARGIA
Bizi-HSBC afera: poliziak boluntarioei ADN arrastoak hartu nahi dizkie

Poliziaren etxean behin azaltzea ez dute aski izanen Bizi!ko kideek: agenteek eskuratu nahi zituzten ADN frogak emateari uko egin diotenez, berriro galdezkatuko dituzte hilabete honetan bertan. Horrela doa luzatzen dirudun handiei iruzur fiskala egiten aritu den HSBC bankuaren... [+]


2015-02-22 | Juan Mari Arregi
Hemengo beste Falcianiak

Egunotan HSBC bankuko 203 herrialdetako 106.000 bezeroen –iruzurgileak eta iheslari fiskalak–; zenbait izen filtratu dituzte hedabideek; 200.000 milioi dolar zituzten euren kontuetan. 9.187 Frantziako Estatuko bezeroak dira, 2.694 Espainiako Estatukoak, eta 169... [+]


HSBCtik gobernura, kortsarioek eskuak edozertarako libre

 Ostatuetan orain “Fernando Alonso” esan eta edonork aipatuko dizu HSBC, edo Falciani. Trending topic. Mundua XXI.eko krisitzar itzel honetaraino bankugintza globalak ekarri duela salatu duten Attac bezalako taldeen garaipen txikia ote? Ez oraindik. Ez behintzat... [+]


2015-02-18 | ARGIA
Bizi!-ren egoitzara sartu da Frantziako polizia HSBC bankuko aulkien bila

Frantziako Polizia Bizi!-ren egoitzan sartu da, HSBC bankuaren Baionako bulegotik hartutako aulkien bila. ehKz-k egindako bideoan ikus daiteke polizia bulegoan sartu den unea.


Eguneraketa berriak daude