Hilabeteetako jazarpenaren ostean, Falange Vasconavarraren sare sozialetako kontua salatu zuen Hala Bedik. Gasteizko laugarren instrukzio-epaitegiak emandako erantzunaren arabera, mehatxuok ez dituzte “adierazpen askatasunaren mugak gainditzen”.
2017-2018 ikasturtean Gasteizko herri mugimenduko hainbat kolektibo erasotzeari ekin zion Falange Vasconavarrak, eraso ekintzen ostean hauen egiletza beregain hartuz, @tussuria erabiltzaile izenaz irekitako twitter kontu baten bidez (kontua ezabatuta dago egun). Besteak beste, Falangearen ikurra ageri eta “Victor Lainez presente” zioten pintaketak egin zituzten Hala Bedi, Alternatiba, Jimmi Jazz edo Martxoak 3 Elkartearen egoitzetan. Pintaketak egiten hilabete batzuk eman ostean, sare sozial bidez jarraitu zuten mehatxuak egiten.
Jazarpena Gasteizko epaitegietan salatzea erabaki zuen Hala Bedik. Hilabete batzuen buruan jasotako erantzunak, baina, Gasteizko laugarren instrukzio-epaitegiak mehatxuok adierazpen askatasunaren mugak gainditzen dituenik ikusten ez duela dio. Epaitegiaren arabera, Falange Vasconavarraren txioetan Hala Bediren egoitzaren helbidea ematen bada ere, hauetan ez da ageriko egiten egoitzaren kontra “kalteak eragitera dei espliziturik”. Horretaz gaiz, epaiak dioenez “ez da posible izan salatutako kalteen ustezko egiletza argitzerik”, eta instruktoreari “ez zaizkio egiletza hori ezagutzera heltzea ahalbidetu dezaketen ikerketa bideak adierazten”.