argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnen etorkizunerako aste erabakigarria
  • Fagor Etxetresnak enpresa zorrari aurre egiteko finantzazio beharrean dago eta aste honetan eman daiteke ezagutzera erabakia. Mondragon Korporazioa bankuekin negoziaketan dabil eta 120 milioi euroko injekzioa dago jokoan.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko urriaren 14a
Fagor etxetresnak.

Noticias de Gipuzkoan Carlos Etxeberri kazetariak azaldu duenez, Fagor Etxetresna enpresari dirua injektatzeko aurreakordiora iritsi da bankuekin Mondragon Korporazioa.120 milioi euroren truke, baina, enpresak berregituraketa prozesu bati ekin beharko dio, S.A. bat osatu, eta kooperatibista ez diren atzerriko inbertsoreei ateak ireki.

Bankuekin akordioa lortu ezean, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsora ateratzeko arriskuan zegoen; eta zenbait iturrik enpresa ixteko arriskua ere aipatzen zuten.

Fagorrek Goiena hedabideari azaldu dioenez, bestalde, elkarte anonimo bat sortzea ez dago negozioazioetako kalkuluen barruan, eta horrelako asmorik egotea gezurtatu du. Gaineratu dute, oraingoz ez dagoela akordio edo aurreakordiorik.

Naiz-Garan Joseba Salvadorrek azaldu duenez, iragan maiatzean Mondragon taldeko Kongresuak 70 milioi euroko diru-bilketa egitea erabaki zuen, Fagor Etxetresnen “etorkizunerako jarraikortasuna eta enplegu jasangarria” bermatzeko. Salmentak egonkortu eta nazioarte mailan zabaltzea ere izan ziren hartutako neurri batzuk, eta soldatak %6,48 jaitsi zituzten.

Informazio beraren arabera, Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresnetako lehendakariak onartu zuen enpresak 830 milioi euroko zorra duela. Zenbait iturriren arabera, ordea, kantitate horretan ez dago sartuta beren mendeko enpresek duten zorra, ez eta jubilatutako sozioei itzuli ez zaien gizarte kapitala ere. Diru kopuru hori gehituz gero, zorra mila milioi eurotik gorakoa dela azaldu dute. Aldiz, gaur Goienak Fagorren iturrietatik jaso duen albistean, kooperatibak ukatu du bere zorra kopuru horretara edo are 700 milioietara ere iristen denik.

[2013-10-15 eguneraketa] Atzo Mondragon Inversiones-ek hartutako erabakiaren berririk ez dago, azaldu baitzuten "Fagor Etxetresnako langileak izango direla erabakia ezagutzen lehenak". Eusko Jaurlaritza ere enpresako sozioek hartuko duten erabakiaren zain dago. Iñigo Urkulluk New Yorken egindako agerraldian Gobernuaren babesa adierazi dio Fagor Etxetresna enpresari. "Iraganean bezalaxe Eusko Jaurlaritzak laguntza emango" diola esan du, "beti ere Mondragon Korporazioaren marko legala errespetatuz". "Mondragon Korporazioko zenbait kooperatibengan eragina izan dezakeen araudi legala gertutik jarraitzen ari gara", azaldu du lehendakariak. Carlos Etxeberrik Noticias de Gipuzkoan egiten duen kronikan azken esaldi hori Eusko Jaurlaritzak kooperatibari laguntza emateko izan ditzakeen mugekin lotu du. Europar Batasunak enpresei laguntzak emateko mugak zorrotz errespetatu beharko dira, eta hala izan ezean Europak Estatuko laguntza moduan ulertzeko arriskua bailegoke.

Noticiaseko Kazetari horri bere iturriek iradoki dionetez, Fagorrek bere diru beharrak lotzeko hiru bide dauzka: kooperatiba talde barruko finantziazioa, bankuetatik lortutako maileguak eta 'kooperatibetatik kanpoko inbertsiogileak, prozesuaren amaieran sortuko litzatekeen sozietatean eskubide politikoak bermaturik eduki beharko dituztenak.