Mondragon Korporazioko kooperatibisten 650 ordezkarik urteko bilera egin zuten atzo, eta aurreikusi moduan, Berregituratze eta Enplegu Sozietariorako Fondoa (BESF) onartu zuten, alegia 70 milioi euroko funtsa sortzea, Fagor Etxetresnak taldeari laguntzeko.
Fagor Etxetresnak taldeak 89 milioi euroko galerak izan zituen 2012an, eta 70 milioi euroko funtsari esker "egoera berregituratzea" du xede zuzendaritzak, baita "etxe sektoreko merkatuaren gainbeherak eta kanpo merkatuetako dinamismo handiagoak markatuta dagoen errealitatera" egokitzea ere.
Horrez gain, Fagor Etxetresnak taldeko langileek %6,48 jaitsi beharko dituzte soldatak eta 2016ra arteko plan estrategikoa garatuko dute. Hazteko estrategia zehazten du planak eta "nazioartean aliantzen bitartez bere markak munduan duen presentzia" hobetzea eta "salmentak ia 200 milioi euro" handitzea ditu helburu. Xabier Bengoetxea da taldeko presidente berria.