argia.eus
INPRIMATU
Fagor Etxetresnen likidazioa onartu du epaileak
  • Fagor Etxetresnak eta Grumal, Edesa eta Proiek filialak desegin ditu Donostiako magistratuak. Hala, konkurtso-administratzaileek likidazio plan bat aurkeztu beharko dute hamabost eguneko epean. Cevitalek Frantziako markak erosteko zabaldu duen negoziazioa bere horretan dago oraindik.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko martxoaren 21
Edesako langileek itxialdia bertan behera utzi dute, enpresaren likidazio fasea hasi ostean (Arg.: Eitb)

Hartzekodunekin adostasunik ez da egon eta Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) zuzendaritzak kooperatiba eta Euskal Herrian dituen filialak likidatzeko eskaria egin dio epaileari. Pedro Malagon Donostiako merkataritza-arloko epaitegiko buruak hiru ebazpenen bidez onartu du eskaera; kooperatiben errektore-kontseiluak ere bertan behera utzi ditu. Hala, Fagor Etxetresnak jada ez da existitzen enpresa moduan.

Konkurtso-administratzaileek likidazio plana aurkeztuko dute orain eta horren ondoren zabalduko da interesatuen eskaintzak jasotzeko epea. FEEren aktiboen enkante publikoa, alegia. Prozesu horretan jakingo dugu Mondragoneko kooperatiba historikoa zati eginda eta esku arrotzetan ikusiko dugunetz.

Cevitalekin tratuan

FEEk Eskoriatzan eta Arrasateko Garagartzan dituen fabrikak eta bertoko 300 langileak Cevital elikadura konpainia aljeriarrak egingo duenaren zain daude. Cevitalek Frantziako lantegiak ditu begiz jota eta haien marken jabe den Fagor Ireland erostearen truke 25 milioi euro eskaini zituen. Horrez gain, Eskoriatzako eta Garagartzako lantegiak mantentzeko konpromisoa ere azaldu du hitzez.

Hitzak, hitzak dira ordea. Pedro Malagon epaileak, kontra-eskaintza egin dio Cevitali: 35 milioi euro ordaindu eta Gipuzkoan enplegua mantenduko duela bermatzen duen proposamen loteslea egin dezala.  

Nolanahi ere, FEEren likidazioak ez du eten Cevitalekin hasitako tratua. Aljeriarrek martxoaren 27ra arteko epea dute erantzuteko; orduan erabakiko du Nanterreko epaitegiak Fagor Brandt Frantziako filiala erosteko Cevitalek egin proposamenaren inguruan.

Hala, datozen egun eta asteak erabakigarriak izango dira egun batetik bestera enplegurik gabe geratu ziren ehunka langilerentzat. Testuinguru honetan, bost hilabetez itxialdian egon diren Edesako langileek protesta amaitzea erabaki dute, enplegu erregulazio espedientea onartu eta enpresaren likidazio fasea hasi ostean.